Bihar zabalduko dute Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da erakusketa Merkatu Plazan. Bildumaren helburuak garbiak dira: elikadura ekologikoak dituen onurak herritarrei jakinaraztea eta ekoizpen ekologikoaren balioa beraien artean zabaltzea, hain zuzen ere. Erakusketa ibiltaria da; azaroaren 25a izango da hura Zarautzen bisitatzeko azken eguna.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK – Ekolurra) Zarauzko Udalarekin elkarlanean antolatu du erakusketa. Beraien esanetan, elikagai ekologikoek elikagarritasun handiagoa dute, ingurumena zaintzen dute eta tokiko ekoizpena sustatzen dute, arreta eta osasun printzipioetan oinarrituta.
Udaleko Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik azpimarratu duenez, udalak bat egiten du "ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren printzipioekin", eta konpromisoa hartu dute "trantsizio ekologikoa sustatzeko". Ildo beretik, zinegotziak iritzi dio horrelako ekimenek herritarrengana zuzentzeko aukera ematen diela, "gure ohituretan eta tokiko ekoizpenean eredu jasangarriak txertatzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko". Gainera, gehitu du ekoizpen ekologikoa ez dela "moda" bat, "etorkizuneko eredua" baizik, "ingurumenaren, lehen sektorearen eta gure osasunaren mesedetan".
Ostegunean, bisita gidatua
Erakusketa irekia da interesa duen herritar ororentzat, eta irekiera egunean bertan, bihar, bisita gidatua egingo dute, 18:30ean. Proiektua hamabost panelek osatzen dute, eta bakoitzak QR kode bana du, azalpena bideo baten bidez jaso ahal izateko. Panelen bidez, ekoizpen ekologikoari buruzko datu, irudi eta testigantza ugari ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Ekoizpen ekologikoa nabarmen hazten ari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 2001ean 61 ekoizle eta 373 hektarea izatetik, 2025ean 820 eragile eta 13.000 hektarea izatera iritsi da. Hala ere, guztira nekazaritzako lurren %6,7 bakarrik lantzen da ekologikoan, eta helburua 2030erako %25era iristea da, Europar Batasuneko Farm to Fork estrategiaren barruan.