Ostiral iluntzerako plana antolatu du Zaratazarautz musika kolektiboak: Meurtrieres eta Oolskunrahod heavy metal eta punk taldeek kontzertu bana emango dute, hain justu. Hiruputzu gaztetxean izango da hitzordua, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, ateak 21:00etan zabalduko dituzte entzuleak sartzen joan daitezen.
Logroñon sortutako Oolskunrahod punk taldeak aurten emango duen azken kontzertua izango da Zarauzkoa. Demo III izenburupean kaleratu dute azken albuma, eta ostiraleko kontzertuan bilduma horretako zenbait abesti joko dituzte. Meurtrieres, berriz, Lyondik datorren boskotea da, eta beraien kontzertuetan heavy metala nagusitzen da.