Itxaropena inprimategiaren pabiloia erosiko du udalak, brigada birkokatzeko

Intza Trula 2025eko azaroaren 11

Itxaropena inprimategiaren pabiloia. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Itxaropena inprimategiak apirilaren hasieran itxi zituen ateak. Enpresak Araba kalean zuen pabiloia erosiko du orain udalak, brigada birkokatzeko eta autobus geltoki berriaren lanak hasteko helburuarekin.

Pabiloi bat eskuratzeko lehiaketa publiko baterako deialdia egin zuen Zarauzko Udalak, eta aste honetan jakitera eman duenez, Itxaropena inprimategiaren pabiloia erosiko du azkenik. Brigada birkokatzeko erabiliko du Itxaropena inprimategiak Araba kalean zuen pabiloia, hain zuzen ere.

Aipatu lokalak 917 metro karratuko azalera du, eta hainbat solairutan banatuta dago. Zehazki, udalak 902.866,33 euro ordainduko ditu hau erosteagatik. Hala, erosketa egitean brigada Amillubitik Araba kalera lekualdatuko da, eta horri esker Amillubin autobus geltoki berria egiteko lanak has ditzakete.

Itxaropena inprimategia aurten itxi dute, apirilaren hasiera aldera, 93 urteko ibilbide oparoa egin ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide