'Oraire' eskapu liburua kaleratu du Nerea Loiolak

Intza Trula 2025eko azaroaren 10a

Nerea Loiola 'Oraire' eskapu liburua eskuetan duela. (Utzitakoa)

Gaztetxoei zuzendutako laugarren eskapu liburua da Zarauzko bizilagunak kaleratu berri duena. Oraire izeneko laino gidariak zuzenduko du irakurlea, "lainoetan" gertatzen den istorio batean. Loiolak 2019an idatzitako Azken lanhütarra nobelaren jarraipena da.

Oraire gaztetxoei zuzendutako eskapu liburua kaleratu berri du Nerea Loiola Zarauzko bizilagun debarrak, Erein argitaletxearekin. Eskapu bildumako laugarren lana du honakoa, eta aurrekoen egitura antzekoa badu ere, Oraire da oraingoan liburuko protagonista: laino gidaria.

Baliteke Loiolaren literatura ezagutzen dutenek Oraire ere ezagutzea, ez baita idazleak azken eskapu liburu honetarako asmatutako pertsonaia bat. 2019an kaleratutako Azken lanhütarra gaztetxoentzako nobelan ageri zen laino gidaria, hain justu ere. Duela urte batzuk kaleratutako lan horren bigarren zatia izango litzateke Oraire, Loiolaren hitzetan.

Idazleak aitortu du eleberri hori amaitu bezain pronto heldu nahi izan ziola istorioaren bigarren zatia idazteari: "Aurkezpenetara gerturatzen zirenek ere galdetzen zidaten ea istorioak jarraipena izango zuen ala ez". Baina, arrazoi ezberdinak medio, ezin izan zion une horretan istorioaren jarraipenari heldu. Nobela hori kontuan izan du orain, eskapu liburu moldera eraman eta irakurleari bigarren zati bat eskaintzeko.

Hala, fantasiazko lana da Oraire, eta Loiolaren esanetan "hodeietan gertatzen da". Orairek, lainoen gidariak, mezu bat emango dio irakurleari, istorioari hasiera emanaz. Idatzi horrek dio uraren zikloa ez dela naturala, lainoen gidariek zuzentzen duten zerbait baizik. "Beraiek aukeratzen dute non eta nola egiten duen euria", gehitu du idazleak. Oraire da bizirik geratzen den laino gidari bakarra, gainontzekoak hil egin baitira; horregatik, protagonistak laguntza eskatuko dio irakurleari.

Loiolak aitortu duenez, "erabaki zailak" hartu beharko ditu irakurleak aurrera egin nahi badu. Hainbat dira orrialde horietan idazleak jorratu nahi izan dituen gaiak; hala nola laguntasuna, ongizate pertsonala ongizate sozialaren aurka, ekologismoa, boterea, erabakiak hartzea eta bigarren aukerak.

2022an kaleratu zuen idazleak bere lehen eskapu liburua, Zazpi G izenburupean, eta ia urtebeteko epean plazaratzen joan da gainerakoak; 2023an, Azken denbora, eta iaz AHT Abiadura Handiko Trena. Aurreko eskapu liburuen eskema bera jarraitzen du labetik atera berriak ere; hau da, irakurlea da protagonista, eta berak aukeratuko du istorioaren norabidea, orrialdeetan ageri diren galderei erantzuten doan heinean. Hori ez ezik, aurrera egiteko enigmak ere ebatzi beharko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide