Oroimenaren Nazioarteko Eguna izango da bihar, azaroaren 10a, eta urtero bezala, Zarautzen Arrosategi parkean elkartu dira udala osatzen duten udal talde guztiak –EAJ, EH Bildu eta PSE-EE– eta hainbat herritar, "indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak oroitu eta aitortzeko". Halaxe hasi du hitzartzea Xabier Txurruka alkateak. "Memoriak oinarrizko zutabea" izan behar duela esan du bizikidetzan, eta ez dituztela biktimak ahaztu nahi, "memoria baita bermerik onena berriro ez gertatzeko". Txurrukak esan du gizartearen ordezkari direnek "erantzukizuna" dutela "gertatutakoa ahaztu ez dadin", eta lanean jarraituko dutela "egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta gertatutakoa ez errepikatzearen alde".
Aurten bereziki gogoan eduki nahi izan dituzte "estortsio ekonomikoa sufritu duten pertsonak, familiak, taldeak nahiz erakundeak". Kasu horietan "isiltasuna izan da nagusi", eta horregatik, Txurrukak nabarmendu du "oso zaila" dela "urraketa hori noraino iritsi den jakitea". Biktima horiei elkartasun osoa adierazi die udal osoaren izenean: "Gaur, estortsio ekonomikoaren ondorioz sufrimendua, arbuioa eta bakardadea pairatu duten pertsona, enpresaburu, zuzendari, merkatari, profesionalak eta beraien familia eta gertukoak gogoratu eta aitortu nahi ditugu".
Zarauzko alkateak irakurritako testu bera gaztelaniaz irakurri du gero Inaxio Illarramendi zinegotziak, eta ondoren, bost minutuko isilunea egin dute.
Urtero bezala, lore eskaintza egin dute biktimak gogoratzen dituen zuhaitzaren aurrean, aurrena udal ordezkariek eta ondoren bertan bildutako herritarrek, eta azkenik, memoriaren liburuan idazteko aukera izan dute herritarrek.
Zarauzko Udalak bestelako ekintzak ere antolatu ditu Oroimenaren Egunaren harira: Hurrengoa zu erakusketa –Merkatu Plazan egon da ikusgai– eta Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko liburuaren aurkezpena.