Herritarrak zirikatzeko, kantuan

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 8a

Zirika euskara elkarteak antolatuta, kantu poteoa eta kantu bazkaria izan dira gaur herrian. 13:00 aldera hasi dira gitarrak eta ahotsak astintzen Musika Plazako kioskoan, eta laster batu zaizkie Zarautz Kantuan taldekoak, larunbateroko kantujira bertan amaitzeko. Zirikakoek iluntzera arte jarraituko dute kantuan.

Kantu poteoa eta kantu bazkaria antolatuak zituen gaurko Zirika euskara elkarteak, eta eguraldi makurra egokitu den arren, planari eutsi diote, eta 13:00 aldera hasi dira gitarrak eta ahotsak astintzen Musika Plazan bertan. Hori bai, kioskoan hartu dute babesa.

Bizpahiru kantu abestu dituztenerako batu zaizkie Zarautz Kantuan taldekoak. Kale Nagusian barna iritsi dira horiek, trikiti doinu eta guzti. Gitarrak eta txistua ere ekarri dituzte, ahots ugariez gain. Euskararen aldeko doinuekin amaitu dute larunbateroko kantujira, denek elkarrekin abestuz.

Kantu poteoarekin jarraitu dute Zirikakoek, eta gero, Santa Barbara jatetxean elkartu dira bazkaritarako. Bazkalondoan "Zirika Bandaren eskutik, betiko eta oraingo euskal kantak" abestuko dituzte, 19:30 aldera arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide