Hitzaldi zikloa antolatu dute zainketa pertsonalaren eta etorkizuneko plangintzaren inguruan

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 7a

Juanjo Alvarez, Zuzenbide pribatuan katedraduna eta EHUko irakaslea. (utzitakoa)

Lau hitzordu prestatu ditu Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuak, eta Antoniano aretoan izango dira. Lehendabizikoa Juanjo Alvarez abokatuak emango du datorren asteartean, Herentziak testamentuak eta familia harremanak izenburupean.

Zainketa pertsonala eta etorkizuneko plangintza aztergai duten hitzaldi zikloa antolatu du Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek hilabete honetarako, hainbat adituren eskutik. Gaien inguruko informazioa emateaz gain, hausnarketarako eta erabakiak hartzen laguntzeko bide eman nahi dute hitzorduek; besteak beste, "etorkizunean nola zainduak izan nahi dugu?" edota "zer erabaki hartuko ditugu?" galderei pistak eman. Guztira lau saio izango dira eta guztiak Antoniano aretoan izango dira, 18.00etan hasita.

Lehen hitzaldia datorren asteatean izango da, azaroaren 11an, Herentziak testamentuak eta familia harremanak izenburupean, eta Juanjo Alvarez Zuzenbide pribatuan katedradunak eta EHUko irakasleak emango du gaztelaniaz. Ostegunean, azaroaren 13an, bizitzaren amaierarako erabakien inguruko Aurretiazko borondateen dokumentua eskainiko du Iñaki Peña medikuak; solasaldia elebitan izango da.

Esku Hartze Etika Batzordeko kide Olaia Aranak bizitzaren zaintza modu partekatuan planifikatzeko gida azalduko du azaroaren 18an, elebitan, Zuk jakitea nahi dut hitzaldian. Azken hitzordua hilaren 26an izango da, eta bertan prebentziozko notario-ahalordez, izatezko zaintzaz eta kuratelaz ariko da EHUko irakasle Maria Lourdes Labaka; hitzaldi hori gatelaniaz izango da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide