Hamar urtez Rockumentalak! zine eta musika zikloa antolatu ostean, I Love Rock kultur elkarteak 2017an eten zuen ibilbidea. Dena dela, elkartea ez zuten desegin eta hausnarketa garai batean murgildu ziren. Orain, kultur elkartea martxan da berriro ere, Zarauzko Udalaren babesarekin, eta Lilly Hiatt musikari estatubatuarraren kontzertua antolatu dute. Gaur izango da hori, 20:00ean hasita, Modelo aretoan. Kontzerturako sarrerak, ordea, agortuta daude dagoeneko.
Etenaldiaren ondoren, elkartea berriz martxan jartzeko helburuarekin antolatu duzue kontzertua?
Bai, noski. Etenaldiko urte hauetan I Love Rockeko kideak musikatik kanpo dauden beste proiektu eta ekintzetan murgilduta egon gara, elkartea alde batera utzita. Hala eta guztiz ere, musikaren barruko hotsak piztuta geneuzkan, horregatik, bueltan gara. Hasiera batean gure asmoa urtean pare bat kontzertu antolatzea da, herritarrei produkzio zaindu eta bereziak eskainita.
Nola gogoratzen dituzu elkartean igarotako urteak?
Hamar urtek askorako eman dute. Bidaia horretan denetik bizi izan genuen, baina sentimendu nagusia musikarekiko genuen pasioa izan zen. Hori da gure ustez Rockumentalak! ekimenaren sekretua. Ez ginen profesionalak, ezta adituak ere, baina gure gogoz atera zen ekimen hura. Musika dokumental ziklo gisa hasi ginen, baina denbora gutxian, zinea, dokumentalak eta zuzeneko musika batzen zituen proiektua bilakatu zen. Tamainari dagokionez, bilakaera sekulakoa izan zen, elkartea txikia da eta horri aurre egitea erronka handi bat bihurtu zen. Hori izan zen azken finean hamar urteko ibilbideari bukaera emateko arrazoia.
Rockumentalak bueltan izango dira?
Hori izan da azken hilabete hauetan gehien errepikatu diguten galdera. Zoritxarrez erantzuna ezezkoa da, momentuz behintzat.
Nola jaio zen kontzertu hau egiteko ideia?
Lehen aipatu bezala, I Love Rockeko kideak mugimenduko pertsonak gara, eta urte hauek pasatu ondoren, barruan geneuzkan hotsei kasu egin diegu. Hori horrela, formatu berri honekin itzuli gara. Guretzat oso bereziak diren kontzertuak eskainteko aukera izatea luxua da. Gainera, Kultura sailekin beti izan dugu harreman ona, eta berehala batu ziren proposamenera. Lilly Hiattenen kontzertua lehenengoa izango da, baina ez azkena.
Sarrera guztiak agortu dira, espero zenuten?
Harrera sekulakoa izan da. Ez genuen espero kontzertua baino hilabete lehenago sarrerak agortuko zirenik. Lilly Hiatt ibilbide luzeko artista da, baina oso kontziente gara horrelako proposamenak zailak direla musika-zirkuituetan sartzeko. Oso pozik gaude kontzertu aurreko esperientzarekin. Orain kontzertuaz gozatzea bakarrik falta zaigu. Ziur nago izugarria izango dela.