Mugikortasun kolaboratiboa hizpide Ttanta Egunean

Mireia Galarza Bastida 2025eko azaroaren 5a

Iazko Ttanta Egunaren une bat. (Zarauzko Udala)

Egun osoko egitaraua antolatu dute azaroaren 13rako Zarautzen. Bigarren edizioarekin, udalak jasangarritasunarekin duen "konpromisoa" berretsi nahi du.

Zarauzko Udalak antolatuta, bigarrenez egingo dute datorren ostegunean, azaroaren 13an, Ttanta Eguna. 10:30ean hasiko da, Modelo aretoan, eta 2030 Agendak mahai gainean jartzen dituen erronka handiei buruz hausnartuko dute, tokian tokiko ikuspegiarekin eta partaidetzan oinarrituta.

Elkarrekin mugitu eta espazioa partekatu lelopean, aurtengo jardunaldiak gizarte kohesioa, ingurumen jasangarritasuna eta herritarren bizi kalitatea jorratuko ditu. Horrekin lotuta, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi du "mugikortasuna, azpiegitura kontua ez ezik, elkarrekin bizitzeko modua" ere badela. Alegia, "nola mugitu, espazio publikoa nola partekatu eta hori guztia modu jasangarrian nola gauzatu" pentsatzea dela erronka.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatu dute jardunaldia aurten ere, eta bertan bilduko dira erakundeetako arduradunak, hiri plangintzako profesionalak, gizarte eragileak, 2030 Agendarekin konprometitutako udalerriak eta gaian interesa duten herritarrak. Jardunaldiak "aliantzak eta ikaskuntza partekatuak" sortzea du helburu, tokian tokiko benetako aldaketak bultzatzeko oinarri gisa.

Eguneko ekintzak

Programaren barruan daude Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen ongietorri instituzionala, Josu Arraiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariaren hitzaldia eta Silvia Abascal politika publikoetan adituaren parte hartzea. REDS-SDSN Spain garapen iraunkorrerako sare espainiarraren finantzaketa eta genero arloetako arduraduna da Abascal, eta Hiriak eraldatzen dituen mugikortasuna: jasangarria, inklusiboa eta genero-ikuspegiduna izenburupean, politika publikoek mugikortasun eredu bidezkoagoa eta eraldatzaileagoa nola bultza dezaketen aztertuko du. Horrez gain, Iker Basurko zinegotziak Zarautz: etorkizunari buruzko ikuspegi berezia proiektua aurkeztuko du.

Ondoren egingo dute Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza: erronka partekatua mahai ingurua, eta askotariko ahotsak bilduko dituzte, hala nola herritarrenak, kolektiboenak eta erakunde publikoenak. Parte hartuko duten erakundeen artean daude Soriako Udala (Espainia), Zarauzko Garagunea eta La Salle ikastetxea. Elkarrizketaren bidez, alderdi teknikoak, auzokoak eta sozialak uztartuko dituzte, "konponbide inklusiboagoak eta iraunkorragoak" eraikitzeko. Itxiera ekitaldia, berriz, Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030en zuzendariaren esku egongo da, eta ondoren, Virginia Imaz clownak laburtuko ditu egunean zehar jasotako ideien eta proposamenen gaineko ondorioak, Pilar Kaltzada kazetariak aurkeztutako saioan.

Helburuak berretsi

Ttanta Egunaren bigarren edizioarekin, Zarauzko Udalak berretsi egin nahi du Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat datozen ekintza zehatzak sustatzeko "konpromisoa" duela. "Etorkizun bidezkoagoa, osasungarriagoa eta bizigarriagoa nahi badugu, elkarrekin irudikatuz eta eraikiz hasi behar dugu lanean. Mugikortasun kolaboratiboa funtsezko pieza da bide horretan", gaineratu du Txurrukak. Herritarrek izena eman beharko dute ekitaldira joateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide