'Eraman nazazu zurekin' album ilustratua kaleratu dute Maider Leturiagak eta Junkal Lertxundik

Intza Trula 2025eko azaroaren 5a

Junkal Lertxundi eta Maider Leturiaga 'Eraman nazazu zurekin' liburuarekin. (Utzitakoa)

Lertxundi idazle donostiarrak kaleratu duen azken lana da Eraman nazazu zurekin, eta Leturiaga zarauztarrarenak dira ilustrazioak. 1545 Argitaletxearekin kaleratu dute lana.

Kalean da Junkal Lertxundi donostiarraren bilduma ilustratu berria: Eraman nazazu zurekin. Maider Leturiaga zarauztarra izan du ondoan, berak egin baititu istorioa atontzen duten ilustrazioak. 1545 Argitaletxearekin atera dute lana.

"Pentsatu al duzu inoiz maskota bat hartzea?" galdera soiletik abiatzen da istorioa, eta testuek eta irudiek zentzu bikoitzeko jolasa proposatzen diote irakurleari zaintzaz eta elkarbizitzaz mintzo den proposamen iradokitzailean. Bukaerara heltzean, istorioak berriz hasteko gonbita egiten du, ñabarduraz eta umorez beteriko eszenetan xehetasunik ez galtzeko irrikan.

Galtzagorri elkarteak urtero antolatzen duen BikoTekan abiatu zuten proiektua. Ondoren, Leturiagak Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko beka (album ilustratua sortzeko diru laguntza) irabazi zuen, albuma lantzeko baliatu zuena. Durangoko Azokan aurkeztuko dute lana, abenduaren 5ean, Sagu Ganbarako irakurketa batean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide