EH Bildu: "Ez dugu babestuko Villa Elizabethen eraikigarritasuna handitzeko proposamena"

Intza Trula 2025eko azaroaren 1a

Villa Elizabeth dagoen eremua. (Aritz Mutiozabal)

Pasa den ostegunean onartutako Plan Orokorraren aldaketaren aurka agertu da Zarauzko EH Bildu. Villa Elizabeth eremuaren eraikigarritasuna handitzeagatik lurzati bat jasoko du udalak: koalizioaren ustez, "operazio honek ez du inolako onura sozialik ekartzen zarauztarrentzat".

EH Bilduk jakitera eman du ez duela babestuko Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntual bat egitea: Villa Elizabeth lurzatiaren eraikigarritasuna 610 metro koadrotik 2 mila metro koadrora handitzeko proposamena, alegia. Trukean, udalak jasoko lukeen lurzatia dagoeneko "urbanizaezina" dela dio alderdiak; "hau da, babestuta dagoela jada, eta babes-maila bera izaten jarraituko du". Koalizioaren ustez, "operazio honek ez du inolako onura sozialik ekartzen zarauztarrentzat".

Pasa den ostegunean egindako ohiko udalbatzarrean jorratu zuten gaia, eta aldaketa egitearen proposamenari argi berdea eman zioten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Hori horrela izanik, EH Bilduk gogorarazi du 2023ko abenduan gai hau lehen aldiz udalbatzarrera ekarri zela, "familia baten etxebizitza berregituratzeko moduan aurkeztuta". Orain, ordea, "luxuzko 18 etxebizitza eta igerileku bat eraikitzea" aurreikusten dela kexu dira, "enpresa pribatu baten mesedetan". Ondorengoa gehitu du koalizioak: "Batzuen neurrira eginiko hirigintza proiektua da". Ildo horretatik, ohartarazi dute "herritarren interesak bigarren planoan" geratzen ari direla: "Ez da etxebizitza eskubidea bermatzen duen proiektua, baizik eta espekulazio arriskua areagotzen duena". 

Zarauzko Udalak 2008tik berrikusi gabe dagoen HAPO aurki berritzeko asmoa du. Horregatik, EH Bilduren iritziz, "HAPOaren berrikuspen orokorra ate joka dagoen honetan, ez da egokia aldaketa puntualak egitea". Koalizioaren esanetan, herritarrei egindako kontsulta batean, aurkeztutako hamairu ekarpenetatik zortzik "egungo antolamendua mantentzearen alde" egin zuten. Herritarren iritzia "argia" izan dela azpimarratu du EH Bilduk, eta beraiek alternatiba hori babestuko dutela.

Era berean, koalizioak ohartarazi du "aurrekari arriskutsua" sor dezakeela aldaketak, "horrek antzeko eskaeren ugaritzea ekar baitezake, Zarauzko hiri antolamenduaren oreka kolokan jarriz".

Horrenbestez, EH Bilduk herritarrak animatu ditu proiektua jendaurrean jartzen denean beren iritzia ematera, eta Udal Gobernuari eskatu dio herritarren ahotsa entzun dezan. "Ez dugu babestuko etxebizitza eskubidea negozio bihurtzen duen proiekturik, ezta interes pribatuen mesedetan egindako aldaketa puntualik ere", azpimarratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide