Schola Cantorum hamarkadak daramatza Gabonetako ekitaldiak eta, batez ere, Errege Magoen desfilea antolatzen, eta abesbatzako zuzendaritza batzordea biziki eskertuta dago urteetan lanean aritu ziren kideekin eta oraindik jarraitzen dutenekin. Baina azken urteetan 50 lagunen baja izan dutela jakinarazi du Sachola Cantorumeko presidente Ibon Linazisorok: "Korua adinez aurrera doa, eta duela hamabost urte 75 kide baginen, egun 25 gara; batez besteko adina, gainera, 70 urtetik gorakoa da. Beraz, jada ezinezkoa zaigu Errege Magoen desfile batek exijitzen duen esfortzuari aurre egitea". Errelebo baten beharra ikusten zuten, belaunaldi berri batek lekukoa hartzeko garaia zela, eta, aurten, talde motore berri bat sortu dute Schola Cantorumen barruan, desfilea kudeatzeko.
“Hasieran laguntzen aritzen ginen, entzun eta egin, eta azken urteetan iniziatiba handiagoa hartu dugu. Inplikazio gehiago antolaketan, karrozak apaintzen, jaiotza atontzen… Uste dut modu naturalean sortu dugula taldea, hau guztia bultzatu nahi genuelako”, jakitera eman du Jon Andoni Urdangarinek. “Etxean jaso dugun ilusioarekin eta gaiari ematen diogun garrantziarekin, balioa eman nahi izan diogu”, gaineratu du. Erregeak izena hartu du taldeak eta zazpi lagun ari dira bertan buru-belarri; batzuk Schola Cantorum abesbatzako kideak dira eta beste batzuk, berriz, ez.
Zarauzko herritarrek parte hartzen duten Errege Magoen desfilea izatea nahi dute. Hori da taldearen helburu nagusia. Hori dela eta, parte hartu nahiko luketen edo prest egongo lirateke herritarrei deia egin diete haiekin harremanetan jartzeko; horretarako, erregeenzamalkada@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidali daiteke edo zuzenean haiengana jo. “Edozertarako prest dagoen jendea ongietorria izango da. Guretzat dena da lana: arropa josteko, antortxarekin ateratzeko, egunean bertan haurrak janzten laguntzeko, karrozak bideratzen laguntzeko… Edozer eginkizunetarako baliagarria izango da boluntario oro”, nabarmendu du Urdangarinek.
Urtarrilaren 5eko iluntze magikoari segida emateko, “jendearen inplikazioa” ezinbestekoa dela adierazi du. Baina ez hori bakarrik, posta elektronikoa ere baliatu nahiko lukete ekarpenak eta proposamenak ere jasotzeko, “barrutik ez baitira ikusten askotan gauza batzuk”. Gainerakoan, talde berriak aurreko urteetako dinamikarekin jarraituko du aurtengo desfilean, baina asmoa badute pixkanaka-pixkana hobetzen joateko eta egungo errealitatera egokitzeko.
Era berean, ez dituzte ahaztu nahi egun hori bikain atera dadin lagun izaten dituten Udaltzaingoa eta udal teknikariak, talde askoren elkarlana sustatuz: danbor jotzaileak, musika banda, antortxekin ateratzen diren ikasleak, herriko dantzariak eta txistulariak, karrozak eramaten dituzten gidariak, Santa Ana egoitza… Guztira, 250 lagun inguruk hartzen du parte urtero desfilean; kopuru horri beste 50 gehitu behar zaizkio, bestelako zereginetan laguntzen dutenak. Zentzu horretan, desfilean zehar herritarrei errespetuz jotzeko eskatu dute, herritar guztiek ilusioz gozatzeko aukera izan dezaten ekitaldiaz.
Laguntzak eta ekarpenak
Linazisorok eskerrak eman dizkie Zarauzko Udaleko Kultura eta Jaiak eta Ekitaldien sailei, haien dirulaguntzarik gabe ezinezkoa litzaigukeelako ekitaldi hau aurrera eramatea. Guztira, 25.000 euroko laguntza ekonomikoa jasotzen du abesbatzak, baina zenbateko horren barruan dena sartzen da: Errege Magoen desfilea, Narroseko jaiotza, Bizar Zuriren ekitaldia eta abesbatzak berak izan ditzaken bestelako gastuak, alegia. Erregeak taldeko eta abesbatzako kide Karmetxu Armendarizek argi utzi nahi izan du Narrosen atontzen duten jaiotzako figurak oso garestiak direla.: duela urte batzuk txiki bat erosi zute, eta ia hiru mila euro kostatu zitzaien, baina tamaina arruteko batek sei mila euro balio ditu. “Eta badaude figura batzuk aldaketa eske daudenak, aingerua bezala!”.
Aurten Rural Kutxak diru partida bat bideratuko diela jakinarazi du Schola Cantorumeko presidenteak, eta kopuru horrekin desfilean zehar banatzen dituzten goxokien gastua ordaintzeko erabiliko dute; ia lau mila euro direla zehaztu dute antolatzaileek. Gainera, aurreko urteetan 600 kilo goxoki banatzen bazituzten, aurten 750 kilo izango direla ere aurreratu dute.
Gauzak horrela, Bizum kontu bat ireki dute herritarrek Gabonetako ekitaldiekin kolaboratu dezan. Beraz, norbaitek ekarpen ekonomikoaren egin nahiko balu, 10949 zenbakira helarazi dezake. “Urtearen poderioz, erabiltzen diren materialak zahartzen eta apurtzen doaz. Beraz, asko eskertuko genuke jendearen laguntza. Azken finean, gure elkarteak Gabonetan jartzen duen aletxoa da, inolako irabaz asmorik gabe, herriko umeek Errege Magoen desfileaz goza dezaten edo Narrosko jaiotzaz”, zehaztu du Linazisoroko.