Danok Oteiza komunitatea sortu dute, artistaren figura indartzeko xedearekin

Intza Trula 2025ko urr. 22a, 11:00

Gregorio Diaz Ereño, Rebeca Esnaola eta Jaione Apalategi atzo, Altzuzan, Danok Oteiza komunitatearen aurkezpen ekitaldian. (Jorge Oteiza Fundazioa)

Atzo aurkeztu zuten Danok Oteiza komunitate berria, Altzuzan (Nafarroa), artistaren jaiotza urteurrenaren egunean. Norbanako eta erakunde ugari bildu zituen aurkezpen ekitaldiak, eta komunitatearen barruko lehen proiektua ere ezagutzera eman zuten: Oskar Alegriaren Oteiza14 apostolu ikus-entzunezkoa.

Danok Oteiza komunitatea sortu dute, Jorge Oteiza artistaren figura eta haren lana indartzeko helburuarekin. Protagonistaren jaiotza urteurrena aukeratu zuten proiektua jendaurrean erakusteko, 117 urte beteko baitzituen atzo oriotarrak. Altzuzan (Nafarroa) izan zen ekitaldia, eta bertan bildu ziren norbanako zein erakunde ugari, Oteizaren figura, pentsamendua, sorkuntza eta kultura ondarea indartzeko nahiak bultzatuta.

Gregorio Diaz Ereñok, Rebeca Esnaolak eta Jaione Apalategik eman zituzten Danok Oteiza komunitatearen zehaztapen gehiago. Beraiek argitu zutenez, Oteiza Museoak Altzuzan gauzatzen dituen jarduerak osatzeko sortu dute komunitate berria. Komunitate "irekia" dela azaldu zuten, "denboran eta espazioan eboluzionatuko duena, bere kideen ekarpenekin batera".

"Oteizaren ikusmoldeari erantzuten dion" proiektu modura deskribatu zuten, "artea eta sorkuntza tresna boteretsuak baitira eraldaketa sozial eta kolektiborako, eta lagungarriak dira, baita ere, espiritu kritikoa sustatzeko eta iruditeria partekatua sortzeko". Ildo horretatik, hizlariek azpimarratu zuten Danok Oteiza komunitateak "erreferentzia" izan nahi duela Oteizaren ideia sortzaile, estetiko eta kulturalak partekatu nahi dituzten norbanako zein erakundeentzat, "dinamika partekatu bat bultzatzeko eta elkarri eragiteko".

Eskultorearen nahiari erantzunez

Era berean, kontatu zuten Danok Oteiza komunitateak Jorge Oteiza Fundazioak bere estatutuetan jasotako konpromisoari erantzuten diola. Izan ere, bertan aipatzen zen elkarte bat sortzeko beharra, "fundatzailearen lana ezagutzeko eta zabaltzeko interesa duten pertsona guztien artean lankidetza sustatzeko". 

Hori hala, lankidetzarako egitura iraunkor bat eratu nahi dute, helburu horietara heltzeko beharrezkoak diren ekintzak aurrera eramateko.

Komunitatean parte hartzeko moduak eskultorearen hitzetan eta berak sortutako iruditerian oinarrituta daude; esaterako, Cromlech hitzaren barruan kokatu dituzte proiektuaren sustatzaile nagusi Nafarroako Gobernua eta Oteiza Fundazio Museoa; Emen izeneko taldean mezenasak; Gaur izenekoan bazkide estrategikoak; Orain taldean laguntzaileak; Baita taldean erakunde adiskideak; Hitza taldean komunikabideak, eta Itziar kategorian kide indibidualak, Oteizaren emazte zenaren Itziar Carreñori aitortza eginez.

Danok Oteiza aurkezteaz gainera, komunitatearen barruko lehen proiektuak ere ezagutarazi zituzten atzo. Oskar Alegriak ondutako Oteiza14 apostolu ikus-entzunezkoaren aurkezpena egin zuten; gainera, aurreratu zuten Asisko Urmenetak Oteizari buruzko eleberri grafiko bat duela martxan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide