Arkamurka natur taldeak astelehenean ekin zion Natur Astearen 46. edizioari. Hitzaldiz eta dokumentalen proiekzioz osatu du elkarteak aurtengo egitaraua, eta, iaz bezala, aurten ere perretxikoen erakusketak emango dio amaiera asteari.
Arkamurkakoek Merkatu Plazan erakutsi dituzte perretxiko espezieak, baita ingurune naturalaren inbasioari buruzko adibide batzuk eman ere. Bigarren solairuan, bestalde, onddoen erreinuari buruzko mostra ondu dute, espezie ezberdinen inguruko informazio panelekin osatua. Hori ez ezik, gaztetxoentzako jolasak eta unitate didaktikoak ere jarri dituzte, perretxikoen inguruan gehiago ikas dezaten.
Goizeko txandaren ondoren, arratsaldez ere irekiko dute erakusketa: 17:00etatik 20:00etara bitartean berriro izango da ikusgai, Merkatu Plazan.