Gaztetxoek ere gozatu dute aurtengo Kuadrilla Egunaz

Julene Sorarrain 2025ko urr. 18a, 18:38

Kuadrilla Egunaren amaiera iristear da, baina herritarrek festa giroan murgilduta jarraitzen dute. Askotariko jarduerak egin dituzte arratsaldean, besteak beste, margoketa tailerrak edota ginkana. Iluntzean, hainbat musika saio izango dira herriko puntu ezberdinetan.

Kuadrilla Egunaren amaiera iristear da, baina herritarrek festa giroan murgilduta segitzen dute. Izan ere, arratsaldean ere izan da zer ospaturik Zarautzen. Familiako txikienek, esaterako, beren sormena erakutsi dute motxilak eta poltsak margotzeko tailerrean. Ondoren, Pepa eta Txulo pailazoen emanaldiaz gozatu dute, Salbideko parkean. 

Lege Zaharren enparantzan, aldiz, henna tailerrean parte hartu dute gazteek. Gainera, puzgarrietan jolasten ere aritu dira, alde batetik bestera saltoka. 

Musika plazan, eguerdiko otordua amaituta, Elektrotxuflaz ari dira gozatzen, eta musika gehiago entzun nahi duenak, Xiberoots taldearen kontzertua ikusi ahalko du Munoan, iluntzean. 

Hala, Kuadrilla Egunari amaiera emateko, hainbat musika saio izango dira herriko puntu ezberdinetan. Besteak beste, Osto DJak saioa eskainiko du Salbiden gaztetxoenentzat; Musika Plazan, aldiz, Iratzar erromeria izango da; eta Lege Zaharren enparantzan, bestetik, Txola eta Potxola DJen saioaz gozatu ahalko da. Hona hemen egitaraua:

  • 19:30-21:00. Osto DJaren saioa, Salbiden.
  • 21:30. Iratzar erromeria, Musika Plazan.
  • 21:30-23:00. Txola eta Potxola DJa, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 23:30. Xiberoots taldearen kontzertua, Munoan.
  • 01:00. Troti DJaren saioa, Musika Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide