Goitibeherak eta paella lehiaketa, Kuadrilla Egunari hasiera paregabea emateko

Julene Sorarrain 2025ko urr. 18a, 13:45

Eguraldia lagun, giro ezinhobean eman diote hasiera zarauztarrek Kuadrilla Egunari. Vista Alegre auzoan, goitibeheren ikuskizunaz gozatu dute hainbat gaztek. Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan, aldiz, 40 kuadrilla inguru batu ditu paella lehiaketak. Arratsaldean jarraituko dute ospakizunek, haurrentzako tailerrekin edota musika emanaldiekin.

Haur, gazte eta nerabeentzat askotariko ekintzak izango dira gaur Zarautzen, Kuadrilla Egunez. Goizeko lehen orduetatik nabaritu da festa giroa herrian, eta eguraldia lagun, hainbat herritar batu dira Vista Alegre auzoan, goitibeheren ikuskizuna bertatik bertara ikusteko asmoz. Aurten, guztira, zortzi talde animatu dira eskuz egindako goitibeherak proban jartzera, eta batzuek besteek baino zorte handiagoa izan duten arren, giro paregabea sortu da auzoan.

Musika Plaza eta Lege Zaharren enparantza, berriz, alkandora koloretsuz bete da. Izan ere, nerabeek nahiz gazteek paella lehiaketan parte hartu dute. Aurten, guztira, 40 bat kuadrilla elkartu dira lehiaketaren bueltan. Giro ederrean eta musika lagun prestatu dute bazkaria, eta elkarrekin dastatu dute gero egindakoa. 

Arratsaldean ere izango da ospakizunik, besteak beste, puzgarriak, tailerrak, erromeria eta DJ saioak egingo dituztelako.

Hona hemen egitarau osoa:

  • 16:00. Motxilak margotzeko tailerra, 4 eta 11 urte arteko haurrentzat, Salbiden.
  • 16:30-19:00. Puzgarriak, Salbiden eta Lege Zaharren Enparantzan.
  • Ordu berean, henna tailerra eta ginkana, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 17:30. Pepa eta Txulo pailazoen emanaldia, Salbiden.
  • 18:15. Elektrotxufla, Musika Plazatik abiatuta.
  • 19:30-21:00. Osto DJaren saioa, Salbiden.
  • 21:30. Iratzar erromeria, Musika Plazan.
  • 21:30-23:00. Txola eta Potxola DJa, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 23:30. Xiberoots taldearen kontzertua, Munoan.
  • 01:00. Troti DJaren saioa, Musika Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide