Alkandora koloretsuak armairutik atera eta haiei hautsa kentzeko unea heldu zaie zarauztarrei, Kuadrilla Eguna ospatuko baitute bihar. Ohiko legez, lagun taldeak elkartuko dira, eta beren egunaz gozatzeko aukera izango dute herrian. Horretarako, egitarau aberatsa prestatu dute Zarauzko Udalak, Txipristin eta Bugi Bugi aisialdi taldeek, Ludotxo udal ludotekak eta Haize-Orratz gaztelekuak elkarlanean.
Prestatutako ekitaldien artean, jendetsuenetakoak paella lehiaketa eta ondorengo bazkaria izango dira. Hitzordurako txartelak agortuta daude, eta hori horrela, 400 lagun inguru elkartuko dira Musika Plazan. Antolatzaileek azaldu duten moduan, 42 kuadrillak parte hartuko dute lehiaketan, eta bakoitzak bere trikimailuak erabili beharko ditu epaimahaiaren saria eskuratzeko. 12 eta 16 urte artekoen sariketa eta bazkaria ere egingo dituzte, Lege Zaharren Enparantzan.
Beste ekitaldi bereizgarri bat goitibeheren jaitsiera izango da, Vista Alegre auzoan behera egingo dutena. Hitzordua indartzeko xedearekin, deialdi berezia egin du aurten antolakuntzak, eta azkenean zortzi talde animatu dira.
Etenik gabe festan jarraitu ahal izateko ogitartekoak salduko dituzte txosnan eta beste hainbat postutan, eta antolatzaileek jakinarazi dute bertan eskuratutakoa Txipristin eta Bugi Bugi aisialdi taldeen jardunari laguntzeko izango dela.
Hona hemen biharko egitaraua:
- 11:30. Goitibeheren jaitsiera, Vista Alegren.
- 12:00-14:00. Paella lehiaketa 16 urtetik gorako gazteentzat, Musika Plazan.
- Ondoren, kuadrilla bazkaria eta bingo musikatua, Musika Plazan.
- 12:00. Paella lehiaketa eta bazkaria, 12 eta 16 urte bitarteko haurrentzat, Lege Zaharren Enparantzan.
- 16:00. Motxilak margotzeko tailerra, 4 eta 11 urte arteko haurrentzat, Salbiden.
- 16:30-19:00. Puzgarriak, Salbiden eta Lege Zaharren Enparantzan.
- Ordu berean, henna tailerra eta ginkana, Lege Zaharren Enparantzan.
- 17:30. Pepa eta Txulo pailazoen emanaldia, Salbiden.
- 18:15. Elektrotxufla, Musika Plazatik abiatuta.
- 19:30-21:00. Osto DJaren saioa, Salbiden.
- 21:30. Iratzar erromeria, Musika Plazan.
- 21:30-23:00. Txola eta Potxola DJa, Lege Zaharren Enparantzan.
- 23:30. Xiberoots taldearen kontzertua, Munoan.
- 01:00. Troti DJaren saioa, Musika Plazan.