Azaroaren 13an ospatuko dute II. Ttanta Eguna Modelo aretoan, "2030 Agendak planteatzen dituen erronka handiei buruz modu kolektiboan eta bertatik bertara hausnartzeko". Zarauzko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta Elkarrekin mugitu eta espazioa partekatu du leloa aurtengo edizioak. Mugikortasunak gizartea, ingurumena eta ekonomia eraldatzeko jokatzen duen rola eta gaur egungo erronkak aztertuko ditu, "espazio publikoa modu bidezkoagoan, iraunkorragoan eta eraginkorragoan partekatzeko beharretik abiatuta".
Gizarte kohesioan, ingurumen jasangarritasunean eta bizi kalitatean zuzenean eragiten duen zeharkako erronkari helduko diete, eta udalak azpimarratu du eragile mota askori zuzendutako egitasmoa dela: "Erakundeetako arduradunei, hiri plangintzako profesionalei, gizarte eragileei, 2030 Agendarekin konprometitutako udalerriei eta herritar interesatuei zuzenduta dago ekimena".
Jardunaldian Zarauzko mugikortasun eredua aurkeztuko dute, eta "herriko koletiboen begiradak eta beste zenbait udalerriren eta eragileren esperientziak" bilduko dituzte. "Bigarren edizio honen bidez, Zarautzek berresten du jasangarritasun-printzipioen lokalizazioan duen erreferente rola eta GJHak aurrera eramateko nahitaezkoak diren lankidetza sustatzeko konpromisoa", nabarmendu du udalk
Izen-ematea zabalik
Helburu argi batekin sortu zuten Ttanta Eguna: Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) eta udal mailako ekimenak uztartzen dituzten gaien inguruan elkarrizketa-guneak eta aliantzak sortzeko, eguneroko bizitzarako funtsezkoak diren esparruetan benetako aldaketak bultzatu ahal izateko.
Izena emateko epea zabalik dago, eta interesa duenak galdetegi hau bete beharko du. Aurrerago jakinaraziko dute ordutegi zehatza.