Mila urte bete dira aurten Ipuscoa izenaren lehen aipamen idatzia egin zenetik, eta urtemugari jarraiki, Gipuzkoa airetik aldiz baterako erakusketa zabaldu dute Photomuseumen. Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako Artxibo Orokorretik atera ditu bilduma honetan ikus daitezkeen argazkiak; lurraldeko herrietako argazkiak dira, airetik jasoak, eta, orotara, 50 irudi inguruk osatzen dute mostra.
Erakusketa irizpide geografikoa jarraituz antolatu dute, bailaraz bailara, ibai nagusien ibilbidea kontuan hartuta. Hori hala, ondorengoa da bildumak jarraitzen duen ordena: Oria (Beasain, Ordizia, Tolosa, Villabona, Andoain, Lasarte eta Orio); Urumea (Hernani); Urola (Legazpi, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia); Bidasoa (Irun eta Hondarribi); Oiartzun (Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo); Deba (Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara, Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Deba). Era berean, beste hainbat herritako irudiak ere ikus daitezke; hala nola Getariakoak eta Mutrikukoak.
Interesa dutenek, erakusketa bisitatzeko aukera izango dute azaroaren 23ra arte, Photomuseum argazki eta zinema museoan, ohiko ordutegiaren barruan.