Zarauzko Triatloi Elkarteak bizikleta irteera antolatu du urriak 18rako, larunbata. 09:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua, Andra Maria Zeruratzearen parrokiaren aurrean. Ondoren, bi taldetan banatuko dira txirrindulariak: batak, buelta motza egingo du, eta, besteak, luzea.
Lehen ibilbideari dagokionez, Zumaiarainoko ibilbidea egingo dute, Bedua jatetxetik igaroko dira, eta Maria Jauregik gidatuko du. Guztira, 25-30 kilometro egingo dituzte. Bigarrena, berriz, Kalbarixura izango da, Itziar (Gipuzkoa) eta Mutrikutik (Gipuzkoa) igaroko dira, eta Ainhoa Muruak gidatuko du; horiek, 70 kilometro egingo dituzte.
Antolatzaileek adierazi dutenez, jende asko batzen bada, sei txirrindulariko taldeak egingo dituzte, eta erritmo ezberdinetan joango dira. Gainera, errepidean gero eta emakume gehiago ikusten direnez, elkarteko kideek emakumeak animatu nahi dituzte ekitaldian parte hartzera, "egun paregabea" izango dela adieraziz.