Zarauzko Udaleko Eraztun Berde Urdinak informazio panel berria jarri du Iritako hezegunean, intsektu polinizatzaileen lorategian. EBUko arduradun Gloria Vazquezek aurkeztu du, eta panela estreinatzearekin batera lorategiaren xedea zein den gogorarazi du: "Intsektuentzako hotel bat izateaz gain, herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu intsektu polinizatzaileen inguruan".
Aipatu intsektuak landareen ugalketarako eta, ondorioz, bizitzeko "funtsezkoak" direla gehitu du Vazquezek. "Erleek, tximeletek edota kakalardoek egiten duten lanik gabe, landare espezie asko desagertuko lirateke", egin du azpimarra arduradunak. Polinizatzaileak babestea "bizitza babestea" dela argi esan du.
Halaber, landareen ugalketa-zikloa errespetatzea beharrezkoa dela aipatu du Vazquezek, "intsektuek elikatzeko aukera izan dezaten". Hori horrela, azpimarratu du, beharrezkoa dela urtean zehar belarra mozteko maiztasuna murriztea, "biodibertsitatea eta ekosistemen oreka mantentzeko".