Sevillako pasarela infernu bilakatzeko helburuarekin

Ian Ruiz Lizaso 2025ko urr. 14a, 09:00

'Herdoil 2024: Ongi etorri infernura' bilduma. (Utzitakoa)

Markel Velez moda diseinatzailea ostegunean Andaluziako CODE41 pasarelan izango da, Herdoil 2024: Ongi etorri infernura bilduma aurkezten. Proposamen "apurtzailea" da.

Bolo-bolo dabil Markel Velez moda diseinatzaile zarauztarraren izena. Ez da harritzekoa, jo eta ke ari baita bere proiektuarekin lanean azken urteetan. Haren istorio pertsonalak eta sormenak gero eta oihartzun handiagoa dute Euskal Herrian, eta Olatz Salvador zein Zetak bezalako artista entzutetsuek ere haren diseinuak jantzi dituzte. Orain haren hegalek urrutira egin nahi dute hegan. Gaur hartuko du hegaldia Sevillara (Espainia), eta euskal mugetatik kanpo darrk.studio marka aurkeztuko duen lehen aldia izango da. Urrats berri bat egiteko prest dago: Andaluziako Nazioarteko Modaren Astean, CODE41 lehiaketan parte hartuko du, Herdoil 2024: Ongi etorri infernura lan "apurtzailearekin".

Lehiaketan parte hartzeko aukera sare sozialen bidez iritsi zitzaion: "Lehiaketa ezagutzen nuen, iaz lagun batek parte hartu zuelako. Instagram bidez jarri ziren nirekin harremanetan, eta ilusioz hartu nuen gonbidapena". Hala ere, emozio gazi-gozoa izan zuen berria jasotzean. "Pozik nago, baina, aldi berean, nostalgia apur batekin ere bai; izan ere, bilduma honekin etapa bat itxi nuen". Velezek aitortu du, gainera, berriro ere proiektua ohe azpitik ateratzeak "barruak mugitu" dizkiola.

Herdoil 2024: Ongi etorri infernura ez da ohiko lan bat; identitatean eta esperientzia pertsonaletan oinarritutako istorio bat du ardatz. Diseinatzailearen hitzetan, Euskal Herritik kanpo aurkezteko aukera izatea "erronka handia" da. Proiektuak islatzen duena "benetakoa" dela dio diseinatzaileak, eta ikusleek sentimendu horiekin bat egingo dutela espero du.

CODE41 Nazioarteko Modaren Astean ospatzen den lehiaketa ospetsua da, eta puri-purian dabiltzan diseinatzaile gazteak biltzen ditu. Velezek ez ditu gainerako lehiakideak ezagutzen, baina argi dauka zer erantzun jaso nahi duen: "Era askotako moda topatzea espero dut, baina batez ere lagunartekotasuna sentitu nahi dut". Izan ere, mundu honetan "faltsukeria asko" dagoela iritzi dio, eta horren aurrean "elkarlana eta jende ona" topatzea espero du.

Etorkizunari begira, bere diseinu marka sendotzea du helburu, eta ziur da Sevillako esperientziak "indarra" eta "segurtasuna" emango dizkiola proiektu berriak sortzeko orduan. "Agian, bertan egingo ditudan kontaktu berriekin kolaborazio ederrak egiteko aukera izan dezaket. Nork daki!", gehitu du irribarrez.

Bitartean, buru-belarri jarraitzen du lanean, eta beste proiektu bat du jada esku artean. Oraingo honetan, maskaretan oinarritutako bilduma ondu du. "Orain infernu barruan gaude", egin du azpimarra zarauztarrak. Maskaren bidez "anonimotasuna eta isilpeko emozioak" adierazi nahi ditu, "ezezagun izatearen sentsazioa islatuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide