Zarauzko Emakumeen Etxean solasaldia egitekoak ziren bihar, baina bertan behera utzi behar izan dute, arrazoi pertsonal bat dela medio. Afrika Beharrezkoa Gipuzkoa partzuergoak eta Zarauzko Solidaritate Koordinadorak antolatuta eta Zarauzko Udalak babestuta, feminismoaz hitz egin behar zuten, Afrikako euskal emakumeen ikuspegitik.
Bertan parte hartzekoak ziren Jeanne Rolande Dacougna, Fatou Dieng eta Marie Lucia Monsheneke. Afrikar jatorria duten hiru emakume euskaldun dira aipatu hizlariak, eta beren ibilbideetatik abiatuta dituzte feminismoari buruzko esperientziak eta gogoetak partekatu behar zituzten.
Hala eta guztiz ere, pasa den ostiraletik zabalik dagoen erakusketa bat ikusteko aukera izango da Emakumeen Etxean. Begiradak Guinea-Bissautik du izena erakusketak, emakume afrikarren eguneroko errealitatea ezagutarazten du, eta urriaren 24ra arte egongo da ikusgai.