Argentinako lagunarteak dantza eta gastronomia uztartu ditu

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 13a, 10:42

Bigarrenez elkartu zen atzo Argentinako lagunartea. Vista Alegre auzoko Gastrotxokoan egun osoko egitaraua zuten zain, eta eguerdi partean, esaterako, dantza ikastaroaz gozatu zuten lauzpabost bikotek. Ondoren parrillada egin zuten, eta festak arratsaldean jarraitu zuen.

Bigarrenez egin du juntadizoa Argentinako lagunarteak. Atzo, izan ere, hainbat herritar elkartu zen Vista Alegreko Gastrotxokoan –eskola zaharra–hainbat ekintzaz gozatzeko. Eguerdi partean, esaterako, dantza tailerra egin zuten lauzpabost bikotek irakasle baten gidaritzapean. Gogotik aritu ziren pausoak ikasten eta horiek praktikan jartzen. 

Ondoren, parrillada egon zen. Elkartearen kanpoaldean piztu zituzten parrillak eta burruntziak askotariko haragiak prestatzeko.

Eta arratsaldean jarraitu zuen festak, zuzeneko musikarekin eta karta jokoekin. Zehazki, Truco izeneko jokoan aritu ziren, Euskal Herriko musaren antzeko joko batean, antolatzaileek azaldu zutenez.

Haien esanetan, topaketen helburua da Argentinako zein Euskal Herriko herritarrak elkartzea, festa giroan jendeak elkar ezagutu dezan, baita besteen kulturak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide