Andaluziako Itzuliko garaipenak ihes egin dio Usoa Ostolaza Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulari zarauztarrari. Helmugan Movistar taldeko Cat Ferguson britainiarrarekin batera sartu da lehia gogorra jokatuta, baina azken horrentzat izan da saria.
Laboral Kutxako Yuliia Biriukova ukrainarra joan da lasterketa buruan 40 kilometro baino gehiagoan, baina azken kilometroan sartu baino lehen harrapatu egin du atzetik zihoan taldeak; tartean zen Ostolaza. Hala, azken metroak Laboral Kutxako bi txirrindulariren eta Movistarreko beste biren artean jokatu dituzte, eta azkenean, Fergusonek lortu du garaipena 3:59:31ko denbora eginda. Esan bezala, denbora bera egin du Ostolazak. Meijering izan da hirugarren, bederatzi segundora, eta Biriukova laugarren, hogeita bat segundora.
Eulen-Jirabirako Maite Urteaga zumaiarra, berriz, zortzigarren izan da, irabazlearengandik minutu bat eta 51 segundora.
Urte bikaina burutzen
Urte bikaina ari da burutzen Ostolaza. Joan den urte bukaeran berritu zuen kontratua Laboral Kutxa-Euskadi Fundaziarekin 2027ra arte, eta aurtengo udan Pirinioetako Tourra irabazi du, Espainiako Txapelketako erlojuaren kontra bigarren eta errepidean hirugarren egin du, eta Italiako Giroan Mendiko lider ere egon da, besteak beste.
Udaberrian, El Salvadorreko Tourreko aurreneko eta azken etapak irabazi zituen zarauztarrak.