Atzo arratsaldean harri jasotzaileen XVII. Txintxarri Saria jokatu zuten hiru bikotek Alegiako (Gipuzkoa) herriko plazan, eta txapela Xabat Olaizola zarauztarrak eta Beñat Telleria lasartearrak jantzi zuten. Bigarren beste zarauztar bat gelditu zen, Mikel Lopetegi Urra –Aimar Galarraga oriotarrarekin bikotea osatuta–, eta hirugarren ere zarauztar batek egin zuen, Jokin Eizmendik –azken orduan sartu zen min hartuta dagoen Paulo Azpiazuren ordez– Gari Garmendia idiazabaldarrarekin batera.
Egin beharreko lana zen 125 kiloko lau harrirekin 125 jasoaldi egitea bikote bakoitzak, eta irabazleek garaipena alde handiarekin lortu zuten: izan ere, 12 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten lanak burutzeko; bigarren egin zuen bikoteak 14 minutu eta 30 segundo behar izan zituen; eta hirugarren sailkatu zirenek, berriz, 16 minutu eta 53 segundo.