Palestina askatzeko eskatu du zarauztar andanak gaur herriko kaleetan zehar

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 11a, 14:50

Mugimendu feministak deituta manifestazioa izan da gaur eguerdian udaletxe aurreko plazatik abiatuta Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu lelopean. Santa Klara konbentuaren aurreko belardian egin duten ekitaldi hunkigarri batek eman dio amaiera protestari.

Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu lelopean manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian Zarautzen mugimendu feministak deituta. Udaletxe aurretik abiatuta, Musika Plazara jo dute aurrena, gero Kale Nagusira, eta handik, tren geltoki ondotik igaro, eta Santa Klara konbentuaren aurreko belardian ekitaldia egin dute. 

Ibilbidearen zati handiena aldarrikapenak oihukatuz egin dute: Ez da gerra bat, genozidioa da; Boikot Israel, Palestina askatu; Boikot Carrefour, Palestina askatu; eta Ibaitik itsasora Palestina izango da bezalako leloak entzun ahal izan dira kaleetan. 

Santa Klara aurrean egin duten ekitaldia hunkigarria izan da, poesiak eta sinboloek hartu baitute pisu handiena: aurrena, hiru herritarrek poema bana irakurri dute pianoaren doinu gozoen laguntzarekin. Poemetako bi idazle palestinarrenak izan dira, eta beste bat Palestinarekiko elkartasunez idatzitakoa, eta herritar bat baino gehiago hunkitu da errezitaldiarekin. Ondoren, olibondo bat landatu dute belardian bertan, eta Gazara elkartasun flotillan joan den aktibista feminista euskaldun batek emandako mezua entzun ahal izan da bozgorailutik.

Azkenik, elkartasun txokoa ere egon da, nahi zuenak marrazki edo esaldi baten bidez bere elkartasuna adierazteko palestinar herriari.

Manifestu argia

Mugimendu feministaren manifestua irakurriz amaitu da ekitaldia, txalo artean. Bertan, argi eman dute beren iritzia: "Azken bi urteotan ere, aho bilorik gabe adierazi dugu: genozidio baten aurrean gaude, garbiketa etnikoa ari dira egiten Palestinan eta ez gara isilik geratuko" esanez hasi dute hitzartzea. Israelgo estatuaren genozidioa salatu eta hara armak bidaltzeari uzteko eskatu diete gobernuei, eta dagokien ardura har dezatela "behingoz". Israelen okupazio erregimena "betikotzen" duten enpresa eta erakunde guztiei boikota egiteko ere eskatu diete herritarrei.

Azken berrien aurrean ere eman dute beren iritzia, bake prozesua kritikatuz: "Duela bi egun bake prozesu baterako bide proposamen bat aurkeztu eta sinatu dute. Hala ere, guk zuhurtziaz begiratu nahi diogu hartutako bideari. Izan ere, mendebalde globalaren eta haren agintarien neurrira proposatutako prozesua da, Palestinako herriarentzat bakerik ekarriko ez duena, ez baititu haien behar, interes eta desioak erdigunean jartzen, interes ekonomiko eta kolonialak baizik. Guk ez dugu gizon zuri horien bakerik nahi". Aldiz, "genozidioarekin amaitzeko neurriak eta erabakiak" nahi dituzte, baita "Palestina aske izateko" neurriak ere.

"Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte garen herri eta auzoetako asanblada feministetatik Palestinako emakume eta gorputz disidente orori eta, oro har, palestinar herriari, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu", esan dute. Palestinaz eta genozidioaz hitz egiten jarraitzea eskatu dute, baita mobilizazioak antolatzen eta elkartasun internazionalista artikulatzen ere. "Egin dezakegun gutxienekoa da", gaineratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide