Bidegi Zarauzko ekialdeko bidesaria berritzeko obrak egiten ari da, eta lanek irauten duten bitartean bidesaria doan izatea eskatu du Zarauzko PPk. Zarauzko bizilagunak azken egunotan bizitzen ari direna "onartezina" dela salatu du alderdiak: "AP-8 autobidera sartzeko obren ondorioz, 30 minutu baino gehiagoko auto-ilarak sortzen ari dira egunero herritik ateratzeko, eta Donostiarako 15 minutuko ohiko ibilbidea 45 minutu edo gehiagoko infernu bihurtzen ari da".
Bidesariko obrak pertsonen bizitzan "ondorio larriak" izaten ari direla dio PPk; hala nola "zigortutako langileak, enplegua galtzeko mehatxuak, berandu iristen diren edo eskolak galtzen dituzten ikasleak, estresa, antsietatea eta bide-arriskuko egoerak, atzerapenarekin doazenez errepidean beharrezkoak ez diren arriskuak eta abiadurak beren gain hartzen dituzten gidariengatik".
Hori hala, obrek irauten duten bitartean, alderdiak beharrezkotzat jo du Zarauzko bidesaria "berehala" doakoa izatea. Eskaeraren ondoren, zera gehitu du: "Gogoan dugu aspaldi, Irungo alkate Jose Antonio Santanok konponbidea eskatu zuenean mugan izandako auto ilarengatik, populismoa leporatu ziola EAJk, eta erantzukizunak kendu zizkiola Espainiako Gobernuari. Nor izango da orain EAJren erantzule? Izan ere, kasu honetan, Aldundia da arduradun bakarra, Bidegiren bitartez, autobidearen kudeatzaile publikoa, azken batean, eredu hori onartzen urteak daramatzatenek kudeatzen dutena".
PPk iritzi dio herritarrek ez dutela ordaintzen jarraitu behar "funtzionatzen ez duen azpiegitura batengatik", eta aditzera eman du autobideak doakoa izan behar duela "auto ilarak sortzen dituen bitartean".