Udazkenero bezala, Arkamurka elkarteak Natura Astea antolatu du Zarautzen. Egitarau aberatsa osatu dute, urriaren 13tik19ra, eta herritarrak animatu nahi dituzte prestatu dituzten hitzaldi, dokumental eta erakusketetan parte hartzera. Aurtengo edizioak naturaren eta gizartearen arteko harreman konplexuak jorratuko ditu, klima-aldaketaren eragina, espezie inbaditzaileak, turismoaren presioa eta mendiko kirolen inpaktua bezalako gaiak aztertuz.
Hiru hitzaldi entzuteko parada izango da aurten: Aranzadiko kide Iñaki Sanz-Azkuek Mikologia: Onddo sentikorrak klima eraginen baitan solasaldia emango du, urriaren 13an; EHUko irakasle Luixmari Zulaikak, berriz, Kiroldegiak mendian: espezie inbaditzaileak? hitzaldia emango du, urriaren 15ean; eta Jon Kareaga eduki sortzaile eta ingurumen aktibistak Turismoa, natura eta mendia: Ezinezko oreka? Turista maitea hau ez da postal huts bat. Sare sozialak izeneko saioa eskainiko du, urriaren 16an. Saio guztiak Arkamurkaren lokalean izango dira, 19:45etik aurrera.
Bestalde, urriaren 14an, Xabier Mina naturalista, ikertzaile eta irakasleak sortutako Kantauri dokumentala emango dute Modelo aretoan, eta, ondoren, solasaldia izango da. Natura Astea borobiltzeko, urriaren 19an, Merkatu plazan onddoen erreinuari buruzko eta perretxikoen erakusketak jarriko dituzte, eta ingurune naturalaren inbasioa jorratuko dute; 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.