Goitibeheren jaitsierari "bultzada" emateko tailerrak martxan dira

Aritz Mutiozabal 2025ko urr. 9a, 09:30

Muntatzen ari diren goitibeheretako bat. (Ian Ruiz Lizaso)

Zarauzko Kuadrilla Eguneko hitzordua indarberritzeko lanean ari da gazte talde bat. Hilaren 18an egingo dute jaitsiera Vista Alegre auzotik, eta momentuz zortzi taldek eman dute izena.

Kuadrilla Eguna iristear da. Astebete baino ez da falta Zarauzko lagun taldeak elkartu eta blusa koloretsuak soinean janzteko. Egun handia hilaren 18an izango da, eta jai horretako jarduera bereizgarrien artean, goitibeherak izaten dira urtero ikusmin handiena sortzen dutenak. Aurten, gazte talde batek "gogotsu" ekin dio goitibeherak biziberritzeari. Izan ere, urtero bezala, egitarau betea prestatu dute Kuadrilla Egunerako, eta goitibeherak egitarauaren ezinbesteko hitzordua izan arren, ekintza indartzeko "beharra" dagoela sentitu dute. Hori dela eta, tailer irekiak egiten ari dira Gaztelekuan, nahi duen orok goitibeherak muntatzen ikas dezan eta Kuadrilla Eguneko jaitsieran parte har dezan. Joan den ostiralean eta larunbatean abiatu zituzten tailerrak, eta hirugarren saioa herenegun egin zuten, Gaztelekuko pilotalekuan.

Kuadrilla Eguna iritsi bitartean, beste bost saio izango dituzte herritarrek goitibeherak ontzeko: bihar, etzi, hilaren 16an, 17an eta 18an, 17:00etatik 20:00etara. Antolakuntza taldeko kide Iñaki Azkuek adierazi duenez, dagoeneko zortzi talde animatu dira lehen tailerretara, baina ekintzak oraindik ere "oihartzun handiagoa" izatea nahiko luke hark, herritar gehiagok parte hartzeko. Tailerretan, behar adina material eskaintzen dute muntaketa lanak errazteko; hain zuzen ere, egurra, gurpilak eta bestelako birziklatutako materialak eramaten dituzte saioetara.

Bestalde, aurreko urteetan muntatu ziren goitibeherak erabiltzeko aukera ere badagoela aipatu du Azkuek. "Biharko tailerrera agertuz gero, iaztik muntatuta dauden goitibeherak erabiltzeko aukera eskainiko dugu egunean bertan". Jarduera horretan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez izena ematea, 644 05 67 70 telefono zenbakira deituta.

Vista Alegretik

Ohi bezala, Vista Alegre auzoan egingo dute goitibeheren jaitsiera urriaren 18an, 11:30ean hasita. Gainera, Zarautztrik taldeak trikiti eta pandero doinuekin girotuko du ekitaldia, eta Zarauzko aisialdi taldeko kideak –Bugi Bugiko eta Txipristineko begiraleak– ere han izango dira, bertaratzen direnei jatekoa "prezio merkean" eskaintzen. Antolatzaileen helburua da goitibeherei azken urteetan baino "garrantzi handiagoa" ematea, herritarren parte hartzea sustatuz.

Urtez urte galtzen joan den ekintzari bultzada emanez, aspalditik datorren ohitura berreskuratu nahi dute. Horregatik, herritarrak animatu nahi dituzte izena ematera edota zuzenean ekitaldia ikustera joatera, jaiari bizia emate aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide