Seme-alabei mugak jartzen ikasteko saioak, urrian

Julene Sorarrain 2025ko urr. 5a, 11:00

Bi guraso, beren alabarekin. (pixabay)

Nola jarri mugak irmo eta goxo seme-alabei? izenburupean, mugak eta arauak jartzen ikasteko saioak eskainiko ditu urrian zehar Nerea Mendizabal adituak. Saioak urriaren 15ean, 22an eta 29an izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Zuberoa Kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek seme-alaba gazteen gurasoei zuzendutako ikastaroa antolatu dute hilabete honetarako. Izan ere, seme-alaben heziketan, mugen gaiak kezka sortzen duela adierazi dute, eta ondorioz, gurasoek "nahiko buruhauste" izan ditzaketela. Hortaz, Nola jarri mugak irmo eta goxo seme-alabei? izenburupean, mugak eta arauak jartzen ikasteko saioak eskainiko ditu urrian zehar Nerea Mendizabal adituak.

Saioak urriaren 15ean, 22an eta 29an izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Zuberoa Kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan. Saioetan izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da, eta aurreratu dutenez, saioak euskaraz eskainiko dituzte. Izena emateko, guka.eus atariko albiste honen online bertsioan aurki daiteke esteka.

Halaber, ikastaroaren plazak mugatuak dira, eta taldeetan gutxieneko pertsona kopuru bat egon beharko da izena emanda ikastaroa aurrera ateratzeko. Hala ez bada, ikastaroa bertan behera gera daiteke. Aldiz, taldea handiegia bada, zozketa egingo da parte hartzaileen artean, eta Zarautzen bizi direnek lehentasuna izango dute.

Behin taldeak osatzean, 40 euroko matrikula ordaindu beharko dute gurasoek. Informazio gehiago eskuratzeko, prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatz daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide