Udal aurrekontuak lantzeko auzoz auzoko bilerekin hasiko dira

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 29a, 12:00

Aritzbatalde kiroldegi ondoko postontzia. (Aritz Mutiozabal)

Guztira, zazpi saio egingo ditu Udal Gobernuak hilabete honetan, eta lehendabizikoa ostegun honetan izango da Santa Klarako lokalean. Era berean, ekarpenak postontzi bidez eta telematikoki eman daiteke.

Datorren urteko udal aurrekontuaren lanketa zarauztarrekin partekatze aldera, Zarauzko Udalak auzoz auzoko bilerak antolatu ditu aurten ere. Udal Gobernuko kideek aipatu saioak baliatu nahi dituzte egindakoen inguruan azalpenak emateko eta, bide batez, herritarren beharrak zein ekarpenak entzuteko.  

Aurten ere zazpi hitzordu zehaztu dituzte, eta berritasun modura, bi bileraren kokalekua aldatu dute, irisgarritasuna bermatzeko. Alde batetik, Aritzbatalde, Zelai Ondo, Mitxelena eta Salberdin auzoei dagokien bilera Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan egingo da eta, bestetik, Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendiri dagokiena, Iñurritzako jubilatuen elkarteko beheko solairuan.

Aste honetan hasiko dira saioekin, eta lehendabizikoa ostegunean izango da, 18:30ean, Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan, Azken Portu eta Santa Klara auzoko bizilagunei zuzendua. Gainerakoak datorren astetik aurrera izango dira. Bilera horietan norbaitek zeinu hizkuntzako aldibereko itzulpena beharko balu, aurrez eskatu dezake partehartu@zarautz.eus helbidera idatziz.

Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziaren iritziz, "oso aberasgarria" da zarauztarrekin batera aurrekontuak lantzea: “Ezinbestekoa iruditzen zaigu auzoetara gerturatzea eta gertutasun eta konfiantzazko eremu horretan zarauztarrei beren kezkak eta beharrak aurrez aurre azaltzeko aukera ematea". Urtetik urtera prozesua hobetzen saiatzen direla dio, eta herritar gehiagorengana iristeko indarrak jarri dituztela aurten: "Irisgarritasunean hobekuntzak txertatu ditugu eta landa eremuko bizilagunengana iristeko ere bide berriak ezarri ditugu”.

Hauek dira aurten egingo diren auzoz auzoko zazpi bilerak:

  • Urriak 2: Azken Portu eta Santa Klara. 18:30ean, Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan.
  • Urriak 7: Alde Zaharra eta Salbide. 18:30ean, udalbatzar aretoan.
  • Urriak 8:  Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin. 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan.
  • Urriak 14: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi. 18:30ean, Iñurritzako jubilatuen elkarteko beheko solairuan.
  • Urriak 16: Vista Alegre eta Hiruerreketa. 18:30ean, Vista Alegreko Auzo Elkartean.
  • Urriak 21: Urteta. 20:00etan, Urtetako Elkartean.
  • Urriak 23: Itxasmendi. 18:30ean, Itxasmendiko Auzo Elkartean.

Postontziz edo telematikoki

Bileretara joateko aukerarik ez dutenek aurrekontuen eta proiektuen inguruan proposamenak egiteko aukerarik izango daute, herrian zehar jarriko dituzten postontzien bidez edota telematikoki. Postontziak ohiko kokalekuetan jarriko dtuzte: Vista Alegre auzo elkartean, udaletxean, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian, Iñurritzako auzo elkartean eta HAZeko bulegoan. Era berean, aurten postontzi bereziak jarri dira landa eremuko bizilagunek posta jasotzeko erabiltzen dituzten etxoletan.

Telematikoki, berriz, bi bide daude ekarpenak egiteko: bata, partehartu@zarautz.eus helbide elektronikora mezua bidali daiteke eta bigarrena, udaleko webguneko Parte hartu atalera sartuta. Postontzietan eta telematikoki proposamenak egiteko aukera urriaren 2tik 31ra bitartean egin ahalko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide