'Isiltasunetik' dokumentala emango dute gaur, Zeinu Hizkuntzaren Nazioarteko Egunari keinu eginez

Intza Trula 2025ko ira. 24a, 09:00

'Isiltasunetik' dokumentaleko irudi bat.

Gorrak diren bi lagunek furgonetan Marokon egindako bidaia kontatzen du dokumentalak. 18:00etan emango dute Telmo Basterretxeak ondutako lana, Modelo aretoan.

Zeinu Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta egun horri lotuta, Isiltasunetik dokumentala ikusteko aukera izango da gaur Modelo aretoan. 18:00etan jarri dute hitzordua, eta bertaratzen direnek Telmo Basterretxeak zuzendutako lanaz gozatzeko aukera izango dute: gorrak diren bi lagunek furgonetan Marokon egindako bidaia du oinarri istorioak.

Isiltasunetik… zer entzuten da? Hautatua al da? Derrigortua? Zer entzun nahiko luke modurik ez duenak? Zer ez luke entzun nahiko modua duenak? Entzuterik ez duena nola komunikatzen da? Galdera horiei erantzungo diete Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberio aktoreek dokumentalean.

Halaber, saioa amaitzean Itziar Agirrebarrenarekin eta Josu Iztuetarekin solasaldia izango da Modelon bertan, Amagoia Osinalde zeinu interpretearen laguntzarekin.

Ikus-entzunezko honek Joxe Takolo beka eskuratu zuen 2023an, eta horri esker gauzatu zuten. Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak eta Lagun Onak mendi bazkunak ematen duten beka da Joxe Takolo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide