'Kattagorri artea' erakusketa zabalduko du etzi Iñigo Bordak

Intza Trula 2025ko ira. 22a, 13:00

Iñigo Borda artistaren margolan bat. (Utzitakoa)

Arkami galerian egongo da ikusgai margolari azpeitiarraren bilduma. Inaugurazioa 18:30ean izango da, eta artista bera ere bertan izango da.

Iñigo Borda margolariak erakusketa berria zabalduko du Arkami galerian, asteazken honetan. 18:30ean izango da Kattagorri artea bildumaren inaugurazioa, eta Azkoitian bizi den azpeitiarrak azken urteetan egindako lanekin osatutako mostra erakutsiko ditu bertan.

Errealismo aktiboz eta izaeradunez jositako erretratuetatik abiatzen dira Bordaren lanak. Paletaren aberastasuna eta trazuaren izaera agerian geratzen dira kapaz kapa eraikitako lanetan, ikusleari deseraikitzeko edo berregiteko aukera emanaz. Lan intimo eta pertsonalak dira, eta margolanetan askatasunez jokatu du azpeitiarrak, prozesuan sortutako arazoei aurre egin eta akatsak ere ikusgai jarriz. Olioa, pastelak nahiz akrilikoak erabili ditu lanak osatzeko.

Gainera, asteazkeneko inaugurazioan izango da artista bera ere, eta nahi duen orok berarekin erakusketaz solasteko aukera izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide