Eguraldia lagun, ehundaka lagunek gozatu zuten atzokoan Bikote Mistoen Triatloi Herrikoiaz. Guztira 570 izen-emateekin, inoizko parte hartze handiena izan du kirol probaren laugarren edizioak.
Hala, bikoteak Zarauzko moilatik abiatu ziren arratsaldeko 16:00 aldera, eta bertatik hondartzaraino joan ziren igerian, bizikletak hartzera. Jarraian, Munoa-Iturritxiki-Munoa ibilbidea egin zuten bizikletan, eta behin hori amaituta, probako azken zatiari heldu zioten. Itsas pasealekutik Argiñano jatetxeraino egin zuten korrika, bidean herritarren babesa eta indarrak jasoz, Duke Enean jarritako mugara iritsi arte.
Iaz bezala aurten ere, ez da irabazlerik egon. Izan ere, antolatzaileek probaren helburua "triatloia gizarteratzea, emakumeen parte hartzea sustatzea eta kirol inklusiboa bultzatzea" dela iritzi diote. Eta hirugarren helburu horren harira, aurten estreinakoz, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere parte hartu dute triatloian.
Podiumik egon ez bada ere, kirolariek arratsalde pasa ezinhobea egin dute, eta proba amaitu ostean, zenbait sari ere zozkatu ziren parte hartzaile guztien artean, besteak beste otorduak, bizikleten osagarraiak eta igeriketako betaurrekoak.