Alternatiba eta alternatiboa. Bi hitz horiek definitzen duten ondoen Adarretatik jaialdiaren izpiritua. Alde batetik, aspaldi utzi ziolako uda sasoiko enegarren musika jaialdi bat gehiago izatearia, udazken hasierako ekitaldi erakargarrienetako bat bihurtuz. Bestetik, bestelakoa den egitaraua eskaintzen du, musika beltzari aparteko presentzia eskainiz. Helduarora iritsi da Adarretatik jaialdia, eta betiko esentziari eutsiko dio urriaren 3tik 5era izango den zortzigarren edizioak.
"Kalitatezko musika eskainiko dugu doan, gure herriko espazio irekietan, adin, genero eta publiko guztiei zuzendua", azaldu du Enbor elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzaile Mikel Unzurrunzaga Makala-k. Beste urte batez, estiloen aniztasuna nabarmendu du: "Rhythm&blues, soul, funk, jazz, swing doinuak, baina baita ere, popa, rock-and-rolla, musika elektroniko pittin bat… eta antzeko musikak izango dira protagonistak".
Musikari beteranoen eta hasiberrien arteko oreka bilatu dute beste behin egitaraua osatzeko garaian, eta Euskal Herriko ordezkaritza deskuidatu gabe, Espainiako eta nazioarteko artisten proposamenekin gozatzeko para izango da aurten ere herriko hainbat tokitan.
Bederatzi kontzertu
Guztira, bederatzi emanaldik osatuko dute aurtengo jaialdia, eta agertoiki nagusiak Musika Plaza eta Munoa plaza badira ere, Alde Zaharreko kaleak ere musikaz jantziko dira. Berrikuntza bezala, aurten Surtidor kafetegiarekin lankidetza egin dute, eta emanaldietako bat bertan izango da. "Urte osoan zehar, hileko lehen larunbatetan kontzertuak eskaintzen dituen Zarauzko establezimendu pribatu bakarra denez, jaialdian txertatzea adostu dugu. Zaindu eta bultzatu beharreko altxor bat dela iruditzen zaigu", aditzera eman du antolatzaileak.
Makalak azpimarra berezia egin nahi izan du ibilbide luzea duten Alfonso Guillo eta Javier Sun bezalako euskal musikarien inguruan, baina baita goraka datozen bertako Nuria Culla eta Mogumbo Brass Band artista emergenteen inguruan ere. Azken horiek Musikenen aritutako ikasleekin osatutako proiektuak dira, eta Katapulta plataformarekin elkarlanean izango dira Zarauzko jaialdian.
Aurtengo plater nagusien artean, Kataluniako Rambalaya, Italiako Micky & The Buzz edota Extremadurako Olana Liss izango dira. Bestalde, Ana Minguez eta Donosti Lindy Hop-eko kideek swing-jazz musika eta dantzak uztartuko dituzte Zigordia kaleean, jaialdiarten azken egunean, publikoaren parte hartzea bultzatu asmoz.
Parte hartuko duten musikari batzuk aurkezpenean izan dira, gainera. "Burua makurtu gabe diskoa aurkeztuko dugu zuzenean", azaldu du Guillo musikariak, Alguillo & Alkimistak taldeko buruak: "Izua izeneko abesti berria estreinatuko dugu Zarautzen. Gutxi batzuek bakarrik ezagutzen dute, eta lehen aldiz joko dugu zuzeneko batean, aitortza gisa antolakuntzari". Nuria Cullak laukote gisa aurkeztuko du bere proiektua, eta "batez ere, Hamaika gau lan berriko abestiak joko ditugu, jazz, pop eta soul estiloan". Gogotsu eta pozik dagoela aitortu du, eta zuzenekoa eskaintzeko irrikitan.
Bestalde, musikari zarauztarrak ere presente izango dira aurtengo hitzorduan, nahiz eta beste artista batzuen proiektuen atzean. Adibidez, Elgoibarko Alfonso Guillo musikari beteranoaren gidaritzapean, Alguillo & Alkimistak proiektuan dabiltza David Gorospe bateria jotzailea eta Celes Albizu perkusioa jotzailea. Olana Lissen taldean, berriz, ari dira Antxon Sarasua teklista eta Ander Zulaika bateria jotzailea.
Laguntza eta babesa
Zarauzko Udala eta Laboral Kutxa dira Adarretatik jaialdiaren babesle nagusiak, eta aurkezpen ekitaldian argi adierazi dute musika ekitaldia gauzatzeko eskaintzen duten laguntza eta borondatea. Irune Urbieta Kultur zinegotziak jakitera eman zuenez, aurten ere Zarauzko Udalak 26.000 euro bideratu ditu jaialdia antolatzeko, eta, halaber, azpiegitura aldetik ere ahaldik eta erraztasun gehien ematen saiatu da. "Kultura sustatzeko eta artista ezberdinak ezagutzera emateko helburua du honek, eta udala beti egongo da halako egitasmoak babesteko prest", gaineratu du Urbietak.
Laboral Kutxa babesle berria da, eta entitateko arduradun Karmele Seguraren esanetan, "ohore bat" izateaz gain, "erronka polita" dela nabarmendu du: "Batez ere, bertako eta kanpoko artistak sustatzeko, eta betikoak nahiz emargenteak sustatzeko". Aniztasuna, kultura eta dibertsioa jaialdiaren balio nagusiak dira, eta haien entitatean horiek lantzeko "beharra eta gogoa" dagoela zehaztu du. Bide batez, jaialdiaren ibilbideari eta Makalaren eskarmentuari buruzko esker hitzak izan zituen.
EGITARAUA
Urriak 3, ostirala
- 18:30-20:00. Telmo Trenor DJ (Euskal Herria), Musika Plazan.
- 22:00-23:15. Alguillo & Alkimistak (Euskal Herria), Munoa plazan.
- 23:30-01:00. Olana Liss (Extremadura/Euskal Herria), Munoa plazan.
Urriak 4, larunbata
- 18:30-20:00. Mogumbo Brass Band (Euskal Herria), herriko kaleetan.
- 20:00-21:30. Javier Sun (Euskal Herria), Surtidor kafetegia.
- 22:00-23:15.Micky & The Buzz (Italia/Euskal Herria), Munoa plazan.
- 23:30-01:00. Rambalaya (Katalunia), Munoa plazan.
Urriak 5, igandea
- 12:30-14:00. Ana Mínguez & Donosti Lindy Hop-eko Lagunak (Euskal Herria), Zigordia kalean.
- 18:30-20:00. Nuria Culla (Euskal Herria), Musika Plazan.