Mugikortasun partekatuko lehen gunea jarri dute martxan Gipuzkoa eta San Frantzisko kaleen artean

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 15a, 10:30

Gipuzkoa kalea. (Guka)

Eremu horretan Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 kilomentro ordukoa izango da. Bizikletak bi noranzkoetan ibiltzeko aukera izango dute, betiere arretaz. Mugikortasunaren Europako Astearen barruan hainbat jarduera antolatu ditu udalak; horietako bat aldaketen berri emateko saio irekia, ostegun honetan.

Mugikortasunaren Europako Astea abian da, eta Zarauzko Udalak aukera baliatu du mugikortasun partekatuko lehen gunea martxan jartzeko herrian. Koexistentzia eremu berri hori Gipuzkoa kaletik –Kasino kaletik aurrera– San Frantzisko kaleraino joango da, Gaztainpe kalea gehituz. Iker Basurko Mugikortasuneko zinegotziaren esanetan, ekimen hau izango da herrian "hiri-mugikortasuna osatzen duten eragileen arteko elkarbizitza bultzatuko duten horrelako eremuak ezartzeko lehen hartu-emana".

Mugikortasun Planean jasotakoarekin bat datorrela azaldu du Basurkok, baita duela hilabete batzuk Mugikortasun Sailak Herritarren Segurtasunarekin lankidetzan abian jarritako Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuarekin ere. "Denok partekatzen dugu espazio bera, elkarrekin bizi gara, eta besteekiko errespetuz eta enpatiaz egin behar dugu".

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere araudia eguneratu du, eta, berriki, mugikortasunaren arloko errealitate berriei erantzuten dieten trafiko seinale berriak gehitu ditu; horietako bat koexistentzia-eremuei dagokiena da, Zarauzko mugikortasun partekatuko eremu berria arautuko duena. Eremu horretan Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 kilomentro ordukoa izango da; ibilgailu motordunen, txirrindularien eta oinezkoen artean partekatuta dago zirkulazioa, betiere zaurgarrienak –oinezkoak eta txirrindulariak– ibilgailu motordunen aurrean babestu nahian. Gune honetan bizikletak bi noranzkoetan ibiltzeko aukera izango dute, betiere arretaz eta gainerako erabiltzaileekin errespetatuz.

Hilabete amaieran, Manzisidor eta San Frantzisko kaleetako trafikoaren noranzkoa aldatzeko lanei ekingo die udalak, eta aipatu kaleen arteko bidegurutzean semaforo berri bat jarriko dute. "Aldaketa horiekin, zonaldean beharrezkoa ez den trafikoa ezabatzen dugu, lasaitasunean irabaziz, eta, era berean, eraginkorragoak egiten ditugu inguruko bizilagunen joan-etorriak, denborak eta distantziak murriztuz”, adierazi du Mugikortasun zinegotziak.

Aldaketa horien berri emateko eta aurrera begira egin asmo diren beste jarduera batzuen azalpenak emateko, informazio saio irekia antolatu dute ostegunerako. Etxezabala aretoko bilera gelan izango da, 18:00etan hasita.

Aurrez, gaur, 100 aldiz begiratu sentsibilizazio kanpainaren barruan, informazio postu bat, kaleko jarduerak eta umorezko bakarrizketa bat izango dira herrian. Horrekin batera, larunbatean, bi jarduera izango dira: alde batetik, bizikletak konpontzeko tailer bat jarriko da Lege Zaharren Enparantzan, 10:30etik 14:00etara; eta bestetik, Txirrindulari Txikien Eguna ospatuko dute, Salbide auzoan. Irailaren 22an, gainera, Autorik Gabeko Eguna izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide