Eñaut Eizagirre eta Amaia Berridi txapeldun, Salbideko I. Kronoeskalada Herrikoian

Intza Trula 2025ko ira. 13a, 13:40

00:08:23ko denbora markatu du Eizagirrek, eta Berridik 00:14:16ko denboran amaitu du proba. Guztira, 57 txirrindulari animatu dira Salbideko Festa Batzordeak estreinakoz antolatutako probara.

Salbide auzoko jaietan une "historiko" bat bizi dute gaur goizean. Horrelaxe adierazi dute festa batzordekoek Salbideko I. Kronoeskalda Herrikoia hasteko hamar minutu eskas falta zirenean. Mordoxka bat txirrindularik parte hartu dute lehen edizio honetan, baina horietatik bi bereizi dira: Eñaut Eizagirre eta Amaia Berridi izan dira txapeldunak, hain zuzen ere.

Orotara, 57 txirrindularik egin diote aurre San Blas aldapa gogorrari, proba Salbideko parkean hasi eta Elkano auzoko bidegurutzean amaituta. Horietatik, zehazki, hiru izan dira emakumezkoak. Hala, Eizagirrek 00:08:23ko denboran amaitu ditu lanak, eta Berridik 00:14:16ko denboran gelditu du kronometroa.

Ordea, gaurkoan saria ez dute aldapa azkarren igo dutenek soilik eskuratu. Izan ere, proba burutzeko arroparik originalena jantzi duten parte hartzaileak ere hautatu ditu epaimahaiak: Oihan Odriozola eta Haritz Eizagirre izan dira horiek. Txitxarroko hori koloreko maillot batekin igo du malda lehenak, eta musika ere jarri du bozgorailu batetik; bigarrenak, Realeko arropa, baloi itxuradun kaskoa eta abarkak soinean zituela egin du lasterketa.

Aurreikusi bezala, 10:30ean atera da helmugatik lehen parte hartzailea, eta jarraian atera dira gainontzekoak, banan-banan, minuturo. Hiru kilometroko proba osatu dute, 225 metroko desnibelarekin eta %8ko pendiz metatuarekin. Malda neketsu horri aurre egiteko ezinbestekoak izan dira errepide bazterrean kokatu diren herritarren animo oihu zein txaloak.

Ondorengo loturan ikus daiteke sailkapena osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide