Mikel Agirrezabalaga: "Aurtengoak erronka pertsonala izan behar du guztiontzat"

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 12a, 14:03

Mikel Agirrezabalaga, irudiaren erdian, partida bat gidatzen. (Luis Epelde)

Mailaz jaitsi ondoren, garaitu beharreko taldea izango da Amenabar Zarautz. Halaxe dio Mikel Agirrezabalaga (Zarautz, 1984) taldeko entrenatzaile berriak.

Nola suertatu zaizu Amenabar Zarautzen entrenatzaile izateko aukera?

Nik jada hiru urte daramatzat klubean entrenatzaile gisa, eta iaz nesken bigarren taldea gidatu nuen. Klubeko pertsona bat izanda, harreman zuzena dugu guztiok elkarren artean. Denboraldiaren amaieran, aurreko entrenatzaile Mikel Alzagak erabaki zuen nahiago zuela beste zeregin batzuk egitera pasatzea klub barruan, eta kirol zuzendari ardura hartu du. Orduan, deitu egin zidaten jakiteko ea animatuko nintzen, eta erronkari helduko nion.

Taldea unerik gozoenean ez zegoenean etorri zen dei hura, mailaz jaisteko afera horretan. Zentzu horretan, erantzukizun handia sentitu al zenuen?

Pertsonalki, nik nahiago dut oraingo erronka honi heldu. Izan ere, Zilarrezko Ohorezko Mailan zailagoa izango zen niretzat taldearen gidaritza hartzea; azken finean, familia dela eta lana dela, konpromiso handiegia izango zatekeen. Eskubaloi taldearekin egin beharreko bidaiak ere luzeagoak izango ziratekeen, maiz Espainian zehar mugituz eta askotan asteburu osoa kanpoan pasatuz. Beraz, Lehen Maila Nazionalean jokatuko duen honetan, niretzat erronka polita izateaz gain, eramangarriagoa da; izan ere, lau multzotan banatuta dago kategoria, eta horrek esan nahi du gure multzoko aurkariak nahiko gertu daudela.

Edonola ere, taldea mailaz jaitsi bada ere, uste dut Zilarrezko Ohorezko Mailan lehiatzea merezi duen klub bat dela gurea, eta hori lortzeko borrokatuko dugu.

Goi mailan ibilbide oparoa egin zuen etxeko jokalaria izan zinela kontuan izanda, presiorik sentitzen al duzu, zentzu horretan? Gehiago exijituko dizutela uste al duzu?

Lasai nago. Urte ugari eman ditut eliteko eskubaloiari lotuta, profesional mailan, eta badakit zer den presiopean aritzea helburu batzuk lortzeko. Kasu honetan, helburua polita da: Zilarrezko Ohorezko Mailara itzultzea, nahiz eta ez den erraza. Nolanahi ere, presioarekin jokatzen jakin behar dugu. Uste dut talde ona dugula xedea lortzeko, eta, horrekin batera, nik asko sinisten dut lanean eta konpromisoan. Azkenean, gauzak ongi egiten baditugu, aukera gehiago izango ditugu hor goian egoteko.

Taldeak maila galdu zuen aurreko denboraldian Espainiako Eskubaloi Federazioaren erabaki baten ondorioz. Klubak helegitea jarri zuen, baina oraindik ez du ebazpenik jaso. Hori horrela, jokalariak nola topatu dituzu?

Egia da araudi arazoak egon direla eta taldea mailaz jaitsi dela. Azkenean, gure kluba berezia da: talde gehienek kanpoko jokalariak dituzte fitxatuta, eta guk etxeko jendearekin jokatzen dugu, harrobiko mutilekin. Hori horrela, gure jokalariek badakite ibil gaitezkeela gora eta behera, eta, horregatik, jendea ez dut ikusten motibazioa galduta une honetan. Zaila da oraindik baloratzea, ligari ez diogulako ekin, baina ikusiko dugu denboraldiak aurrera egin ahala nola joaten den garatzen taldea. Jokalariekin hitz egin dut, noski, eta guztiok nahiago dugu goiko mailan lehiatu, baina aurtengoak erronka pertsonala izan behar du haientzat eta guztiontzat. Iaz azken postuetan ibili bazen taldea, aurten aurrenak izaten saiatu behar dugu. Aldaketa hori ere ongi datorkigu, ez baita gozoa galtzen aritzea. Irabaztea ere gustatzen zaigu, eta aurtengo urteari ikuspegi horretatik begiratu behar diogu.

Horretarako zein izango da zure ekarpena? Nolakoa izango da proposatuko duzun jokoa?

Ez ditut gauza asko aldatu nahi. Aurreko entrenatzailearekin hitz egin dut azken bi urteetan taldea nola landu duen jakiteko eta ohiko dinamika gehiegi ez aldatzeko. Gure blokea kasik iazko bera da; bi jokalarik bakarrik utzi dute taldea. Niri taldeak korrika egin dezan gustatzen zait, kontraerasoak egitea, bigarren lerroko jokalariekin, eta defentsa oldarkorra izatea, arriskuak hartuz aurkariaren baloia berreskuratzeko. Halaber, atsegin dut taldea taktikoki aberatsa izatea.

Beraz, betiko Amenabar Zarautz ikusiko dute zaleek, baina askoz dinamikoagoa?

Bai, niri talde dinamikoak gustatzen zaizkit! Gaur egun, kirol arloan ikusten dut, eta ez eskubaloian bakarrik, dinamismo handia nagusitzen ari dela. Jokalariek korrika asko egiten dute, bai erasoan, bai defentsan, eta ez guk bakarrik. Joera hori puri-purian dago momentu honetan. Ikusi besterik ez daude duela 30 urteko markagailuak eta egun dauden emaitzak: gol gehiago sartzen dira orain, eraso gehiago egiten direlako, eta eraso gehiago badago, korrika gehiago egiten den seinale. Beraz, bai, Amenabar dinamiko baten bila goaz.

Orduan, baduzue nahikoa motibo ilusioz egoteko?

Ilusiorik gabe ezin da ezer lortu bizitza honetan. Garrantzitsua da jokalariak eta lantalde teknikoak helburu jakin bat lortzeko egingo dugula borroka. Barneratu behar dugu, mailaz jaitsi den taldea izanik, multzoko faboritoak garela. Beraz, gainerako talde guztiek irrikitan jokatuko dute geure aurka, duten guztia emanez. Azkenean, beste taldeentzat Amenabarren aurka jokatzea motibagarria da, eta hori gure jokalariek barneratu egin behar dute. Hori guztia kontuan izanda, sailkapenaren goialdean aritzeko gogotsu lehiatuko gara.

Igande eguerdian ekingo diozue ligari, Romoren aurka, Getxon (Bizkaia). Nola ikusten duzu aurkaria?

Talde zaila da benetan. Nik uste dut Romo, Eibar eta besteren bat gurekin batera ibiliko direla sailkapeneko goiko postuetan borrokan. Romok, adibidez, kanpoko sei-zazpi jokalari fitxatu ditu aurten, eta igoera lortzeko prestatzen ari da buru-belarri. Haien helburua bada datorren denboraldian Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzea. Zalantzarik gabe, Amenabarren aurkari zuzenetako bat da, eta benetan indartsu hasiko dugu liga.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide