Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Gela kultur hedapenerako programaren barruan, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaz hitz egingo dute gaur. Aurreko aldietan bezala, 18:00etan jarri dute hitzordua, eta sarrera doan izango da.
Azkenaldian Gazan bizi den egoera lazgarriaren ondorioz, hainbat zinemagilek —palestinarrak zein nazioartekoak— beren lanak modu librean jarri dituzte eskuragarri, memoria eta pentsamendu kritikoa sustatzeko asmoz. Hala, zinema tresna bihurtzen da ahots isilaraziak entzunarazteko, eta okupazioaren eta indarkeriaren erdian komunitateek pairatzen duten sufrimendua ulertarazteko.
Proposamen esanguratsuen artean aurki ditzakegu Emad Burnat eta Guy Davidiren 5 Broken Cameras, Abby Martinen Gaza Fights for Freedom edo Farah Nabulsi zuzendariaren The Present. Zerrenda horri gehitu behar zaio azken urteetan nazioarteko aitortza jaso duen No Other Land.