Afganistango emakumeen egoera lehen eskutik ezagutu ahal izango da

Intza Trula 2025ko ira. 13a, 10:00

Lau emakume eta haur bat, Afganistango errepide batean. (Open Democracy)

Irailaren 17an, asteazkenez, Afganistango emakumeen egoera jorratuko dute mahai inguru batean. 19:00etan hasiko da, Modelo aretoan, eta besteak beste, bertan izango dira Zarautzen bizi diren bi emakume afganiar.

Afganistango emakumeen egoeraz hitz egingo dute datorren astean Modelo aretoan, Zarauzko Udalak eta Emakumeen Etxeak elkarlanean antolatutako mahai inguruan. Hilaren 17an izango da, asteazkenez, eta hizlarietako bi izango dira egun Zarautzen bizi diren bi emakume afganiar.

Afganistango emakumeak: gaur egungo egoeraren azterketa izenburupean egingo dute, eta ekitaldiaren helburua da "taliban erregimena boterera itzuli zenetik milioika emakumek bizi duten egoera larri eta kezkagarria ikusaraztea".

Izan ere, 2021eko abuztutik Afganistango emakumeen egoera jasanezina bihurtu da. Oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkie ordutik; horien artean hezkuntza, osasun-arretara sarbidea, mugitzeko askatasuna eta bizitza publikoan parte hartzea. Talibanek ezarritako azken legeek are gehiago gogortu dute errepresioa, haien ahotsa kalean entzutea ere debekatzeraino.

Gainera, joan den asteko lurrikarak politika horien ondorio lazgarrienak erakutsi zituen: erreskate-lanetan gizonek bakarrik parte har dezakete, eta emakumeak ukitzea debekatuta dagoenez, askok hondakinen azpian abandonatuta jarraitzen dute, laguntza eta salbamenik gabe.

Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek argi utzi nahi izan du "komunitate internazionalak emakume afganiarrak ahaztu" dituela: "Horren aurrean, guk haiei ahotsa eman eta haien egoeraren larritasuna ezagutarazi nahi dugu”, gehitu du. Hori hala, herritar oro gonbidatu dute asteazkeneko saioa ikustera.

Bi emakume afganiarrez gain, mahai inguruan parte hartuko dute Vazquezek, Khadija Amin kazetari eta aktibista afganiar eta Esperanza Fundazioko zuzendariak eta Patricia Viviana Haurralde Fundazioko zuzendariak. Moderatzaile lanak, berriz, Olga Grandek egingo ditu, eta itxiera egiteaz arduratuko da Ana Priede Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako Lankidetzaren zuzendaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide