Zarauzko infernua, Salbideko jaien barruan

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 11a, 11:00

Triatletak San Blaseko maldara heltzen. (Aritz mutiozabal)

Kronoeskalada herrikoia antolatu dute Salbideko jaien barruan, larunbat goizerako. Parte hartzeko izena eman beharko da kronoak.com webgunean.

Zarauzko Salbide auzoko jaietarako prestatutako egitarauaren barruko ekitaldi gehienak hurrengo asteburuan egingo badituzte ere, asteburu honetan izango dituzte lehen jarduerak, eta ez nolanahikoak. Larunbatean, goiz partean, 10:30ean hasita, Salbideko I. Kronoeskalada Herrikoia egingo dute.

Salbideko parkean hasi eta Elkano auzoko bidegurutzeraino izango da lasterketa, San Blaseko aldapatik barrena. Hiru kilometroko proba izango da, 225 metroko desnibelarekin eta %8ko pendiz metatuarekin, eta antolatzaileek azaldu dutenez, irteera banaka edo binaka izango da parte hartzaile kopuruaren arabera. Gaineratu dutenez, norberaren ardura izango da adostutako orduan hasiera eremuan egotea.

Salbideko Festa Batzordeko kide Iñigo Arrillagak azaldu duenez, urteak zeramatzaten aldapa horretan zerbait egiteko asmoarekin. "Jendeak afizio handia dauka gune horretan bizikletan ibiltzeko eta korrika egiteko. Zarauzko Triatloia ere bertatik pasatzen da, eta malda horretan zerbait egiteko gogoa betidanik genuen".

Ideia bai, baita gogoa ere, baina festetako egitarauan halako jarduera batentzako lekua aurkitzeko zailtasunak zituztela onartu du. "Festetako egitarautik kanpo, beste ekitaldi batzuk ere antolatzen ditugu, mus txapelketa kasurako, eta eguna borobiltzeko, polita iruditu zitzaigun lasterketa herrikoia egitea". Antolakuntza lanetan bakarrik ez direla aritu ere azpimarratu du. "Zarauzko zikloturistekin hitz egin genuen, eta haiekin batera antolatu dugu", gaineratu du Arrillagak.

Laburra izanda ere, jakitun da proba gogorra dela. "Oso gogorra da. Nik, behintzat, ez dut inoiz igo!", dio antolatzaileak. Horregatik, igoeran parte hartzeko 18 urteko muga ezarri dute. Halako maldei ekiteko, gutxieneko prestakuntza bat izan behar dela uste du Arrillagak, eta konfiantza du parte hartuko duen "ehuneko handi bat prestatu egingo dela".

Originaltasuna

Erlojupeko igoera lehen postuetan amaitzen duten emakume zein gizonek jasoko dituzte sariak, "baina originaltasunaren sari bat ere izango da". Galdetuta ea zer faktore erabiliko duten sari hori erabakitzeko, antolatzaileak erantzun du "norberak erabakiko duela proba nola egin".

Irteera puntua ere girotuko du Salbideko Festa Batzordeak, Tourreko erlojupeko etapa baten irteera izango balitz bezala. "Erloju digitala jarriko dugu irteeran, eta parte hartzaileak arrapala batetik jaitsiko dira igoerari ekin aurretik". Eguraldiak laguntzea eskertuko lukete antolatzaileek, "euriarekin malda horiek oraindik ere gogorragoak egin daitezke eta".

Proba herrikoia izanda ere, parte hartzaileek aurrez izena eman beharko dute kronoak.com webgunean. Biharko –ostirala– 22:00ak arte izena ematen dutenek 8 euro ordainduko dituzte. Antolatzaileak esandakoaren arabera, egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, "10:00ak arte edo", baina orduan izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte. "Oraingoz jende kopuru politak eman du izena, baina uste dut azken egunetan mugituko dela jende gehien", esan du Arrillagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide