Egunak nahiko burumakur argitu badu ere, pixkanaka pixkanaka irten da eguzkia gaurkoan Zarautzen. Eguzki izpien erritmoan irten dira herritarrak euren etxeetatik ere, Euskal Jai Egunari ahalik eta zuku gehien ateratzeko asmotan. Goizean goiz, diana, Goiztarrak taldea, Gure Boza otxotea, txistulari eta trikitilariak, Meza Nagusia eta umeentzako jolasak izan dira.
Eguerdia gerturatu ahala hasi dira kuadrillak nahiz familiak kaleak hartzen. Batzuk, Alproja taldearen Dena erosterik ez antzezlana ikusteko asmotan. Beste batzuk, berriz, erromeriekin nahiz musikarekin gerriak mugitzeko helburuz. Izan ere, erromeriak izan dira herriko txoko desberdinetan, hala nola Munoan Bide Batez taldearekin eta Musika Plazan trikitilariekin. Urtero bezala, aurten ere ez du hutsik egin orga lehiaketak, eta kuadrilla bakoitzak irudimen handiz atondu du berea: txakolindegia, Frontoi Txikia... Hori bai, janez eta edanez ondo hornituta zeuden guztiak, egunari ondo aurre egin ahal izateko.
Larrain Dantzak bildu du bazkalaurretik jendea Musika Plazan, eta arratsaldean ere izan da zer gozatua Iñurritzan: haurrentzako jolasak, kalejira, erromeriak...
Bazkalondoren jarraituko du festak, eta ekitaldi gehienak Iñurritzan izango dira. Hala eta guztiz ere, iluntzean izango da zer gozatua Munoan eta Musika Plazan.
Egitaraua:
- 17:30. Musika plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
- 18:00. Haurrentzako herri-kirolak Kulki taldearen eskutik, Iñurritzan.
- 18:30. Erromeria Eingo taldearekin, Iñurritzan.
- 20.00. Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin, Iñurritzan.
- 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.
- 22:00. Dantzaldia Bide batez taldearekin, Munoan.
- 22:30. Erromeria trikitilariekin, Musika Plazan.