2026ko martxorako amaituko dituzte Salberdingo babestutako 91 etxebizitzak

Intza Trula 2025ko ira. 8a, 15:00

Alokairura bideratutako etxebizitzak izango dira R-9 lursailean eraikiko dituztenak. Datorren urteko bigarren seihilekoan emango dizkiete giltzak esleipendunei. Gaur egin dute obretara bisita ofiziala erakundeetako agintariek.

Salberdin eremuko R-9 lursailean eraikitzen ari diren alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak 2026ko martxorako egongo dira prest. Horrela adierazi dute gaur eguerdian eraikinera egindako bisita amaitzean, eta aurreratu dute giltzak urte bereko bigarren seihilekoan jasoko dituztela esleipendunek. Besteak beste, agerraldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxaso, Etxebizitza eta Hiri Agendako Estatu idazkari David Lucas eta Zarauzko alkate Xabier Txurruka.

Guztira, 91 etxebizitza dira bertan egiten ari direnak, eta, zehazki, 34 eta 36 zenbakietan daude kokatuta horiek. Itxasok nabarmendu duenez, "Zarauzko kasuak, kostaldeko beste herri batzuetakoak bezala, argi eta garbi islatzen du presio turistiko handia duten herriek jasaten duten tentsioa". Horren aurrean, gehitu du alokairurako etxebizitza berriekin "irmotasunez" jokatuz gero, "etxebizitzaren merkatu librea bizitzen ari den hazkunde esponentziala arindu" dezaketela.

Ildo beretik, etxebizitzaren esparruko hainbat ekimenen arteko elkarlanaren garrantziari egin dio erreferentzia, "gaur egun etxebizitzaren funtzio sozialari begira espekulazio suntsitzailearen menpe dagoen merkatua onbideratzeko". Ekimen horien artean aipatu ditu Europako funtsena, erakundeen arteko lankidetzarena, lurzoruarena eta etxebizitza turistikoen hedapenari mugak jartzearena. Halaber, iritzi dio etxebizitza dela "gaur egun Euskadiko erronka sozial handienetako bat". Hala, "eskaintzaren eta beharraren arteko arrakala lehengoratzeko" konpromisoa erakutsi du eremu tentsionatu izendatuta dauden udalerrietan, hala nola Zarautzen.

Lucasek, bere aldetik, inbertsioaren garrantzia eta Ministerioak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin duen lankidetza azpimarratu nahi izan ditu.

Itxasok eta Lucasek esandakoarekin ados agertu da Txurruka, eta herrian etxebizitza publikoa sustatzeak duen pisuaz mintzatu da: "Oso garrantzitsua da plangintza ona egitea herrian etxebizitza publikoren sustapenari dagokionez, zeinek, erakundeen arteko lankidetzarekin batera, herritarren beharrei erantzuteko etxebizitza-politika eraginkorrak ahalbidetzen dituen".

Alkateak aditzera eman duenez, Salberdin hegoaldeko proiektuari esker, guztira, 664 familiari Zarautzen etxebizitza bat eskuratzeko aukera izango dute urte hauetan. Era berean, gogorarazi du Lanpardo, Irita eta Amillubiko planak onartu dituela udalak, beste 275 etxebizitza babestu "lehenbailehen" eraiki ahal izateko.

Salberdingo 91 etxebizitzen proiektua Cooperativa Arquitectos enpresak idatzi du, eta Amenabar enpresak izan du hori gauzatzeko ardura. Obraren aurrekontua 12.849.701 eurokoa izan da, baina inbertsioa 20.386.905 eurokoa da, lurzoruaren kostuaz, zeharkako gastuez, finantzakoez eta zergez gain. Proiektua Next Generation EU funtsek kofinantzatzen dute, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin egindako hitzarmenaren bidez.

Etxebizitzen ezaugarriak

Eraikuntza berriak forma izango du, eta horren helburua da soluzio trinko eta ortogonala ematea, baita ondo orientatuta egotea ere. Sartzeko bi atari izango ditu, eta 91 etxebizitzak zortzi solairutan banatuta egongo dira: horietatik zazpi gela bakarrekoak izango dira –45 metro karratuko azalera erabilgarria–; 75 bi gelakoak –65 metro karratuko azalera erabilgarria–, eta bederatzi hiru gelakoak –85 metro karratuko azalera erabilgarria–. Horrez aparte, bi etxebizitza egokitu ere egongo dira.

Etxebizitzez gainera, 134 garaje plaza ere egingo dituzte –91 babes ofizialenak eta 43 libreenak–, eta horiek hiru garajetan banatuta egongo dira, nahiz eta denak aldapa beretik izango duten sarrera. Trastelekuak, berriz, -1 eta -2 solairuetan egongo dira.

Hegoaldera, ekialdera eta mendebalera orientatuta egongo dira egongela, sukaldea eta jangela, argi naturala errazago sar dadin. Instalazioari dagokionez, estalkiak autokontsumorako panel fotovoltaikoak izango ditu; horri esker, eraikinak A energia ziurtagiria izango du. Aldi berean, irisgarritasun unibertsala bermatzen da bai atarietan bai espazio komunetan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide