Bera Berak denboraldiko lehen titulua irabazi zuen atzo Iruñean, Portugalgo Sport Lisboa eta Benfica 38-21ko emaitzarekin mendean hartu ondoren. Gisa horretan, Donostiako taldeak hirugarrenez jarraian irabazi du Iberiar Superkopa. Elena Fresco jokalari zarauztarrarentzat, berriz, talde urdinarekin irabazten duen lehendabiziko lorpena da.
Fresco iritsi berria da Bera Berara. Jubenil mailako Europako Txapelketan bikain aritu ondoren, Bera Berarekin denboraldiaurreko prestaketa saioetan hasi zen lanean zarauztar gaztea abuztua hasieran. Jokalari moduan, joan den asteburuan –abuztuaren 31n– egin zuen debuta partida ofizial batean, ligako lehen jardunaldian Porriñori 35-20 irabazita. Beretzat egun berezia izan zela onartu zuen norgehiagoka, amets bat bete zuelako.
Atzokoa ere berezia izango zen 16 urteko jokalari zarauztarrarentzat, taldearekin bere estreinako titulua irabazita. Bera Berak aise kontrolatu zuen partida, eta Fresco azken minutuetan atera zuten kantxara. Gainera, Cabrini atezainari penaltiz gola sartzeko aukera izan zuen, 37-19koa jartzeko.