Bigarren urtez, Euskal Astearen barruan eta Amalur parkean jokatu dute Jose Luis Saizar zenaren omenezko arraza libreko artzain txakurren proba. Aurten, gainera, 26. Gipuzkoako Txapelketa izan zen jokoan. Atzo arratsaldean egin zuten lehia, bost artzain eta sei txakurren artean, eta Jabier Gaztañaga antzuolarra izan zen garaile, Cool txakurrarekin. Iaz azken postuan sailkatu zen Zarauzko proban, baina aurten nagusitasunez kendu du arantza hura.
Herritar dezente bertaratu zen parkera artzainen eta txakurren arteko ariketak ikustera. Hori bai, eguzki galdatan baino, askok eta askok Bizkaia kaleko espaloi gunea aukeratu zuten txapelketa ikusteko, itzala zegoen eremua, hain zuzen ere. Ohi bezala, parte hartzaileek bi proba egin behar izan zituzten: bata, ardiak zirkulura eraman eta gero ate batetik sartu, eta bigarrena, ardiak itxitura baten barrura sartu.
Behin lanak bukatuta, epaimahaikideek Jabier Gaztañaga eta Cool izendatu zituzten Gipuzkoako txapeldun. Asier Dakosta aretxabaletarra eta Zeru txakurra izan ziren txapeldunorde, eta hirugarren postua Xabier Gaztañaga antzuolarrarentzat eta Fly txakurrarentzat izan ziren; azken honek Sandy txakurrarekin ere hartu zuen parte, eta laugarren geratu zen.
Lehen lau sailkatuak, gainera, Euskadiko Txapeleketarako txartela lortu zuten; irailaren 20an jokatuko da, 17:30etik aurrera, Mañarian (Bizkaian).
Sailkapena
- 1. Jabier Gaztañaga eta Cool: 294 puntu.
- 2. Asier Dakosta eta Zeru: 282 puntu.
- 3. Xabier Gaztañaga eta Fly: 279 puntu.
- 4. Xabier Gaztañaga eta Sandy: 275 puntu.
- 5. Pello Segurola eta Kai: 270 puntu.
- 6. Manuel Gorriti eta Turbo: 244 puntu.