Jendetza bildu da gaur eguerdian Euskaraz Bizi Eguneko herri bazkarian. Lagunartean eta festa giroan ospatzeko eguna da Euskal Herrian Euskarazen antolatutako egitasmoa, baina baita aldarri egitekoa ere. Izan ere, Ze arraroa euskararik gabe… leloarekin mezu zuzena helarazi nahi izan dute antolatzaileek, batez ere euskararen erabilerari dagokionez, herritarrek, enpresek eta erakundeek hartu duten joera kontuan izanda.
Horren harira, antolatzaileek 2025 Euskaraz Bizi Eguneko manifestua ondu dute, non aurten auzo elkarteetako kideek irakurri duten herri bazkarian. "Ze arraroa euskararik gabe… Nafarroa zioen Bittor Aiapek. Berak abestutako hitzak moldatuta osatu dugu aurtengo Euskaraz bizi eguneko leloa, edota agian, aurtengo live euskara day esan behar genuke, garaikidetasunaren izenean, edo modernoak izateko, edo gazte hizkerarekin bat etortzeko edota guztiek uler gaitzaten, inklusiboak izan gaitezen edo… Zerbaiten izenean ari gara, gure izena eta izana baztertzen dugula konturatu gabe".
Hausnarketarako deia egin diete bazkaltzera bertaratu direnei, eta galdetu diete "zer arraio" izango litzatekeen euskararik gabeko Zarautz bat. Zentzu horretan, "norberak du ardura bai, baina baita instituzioek ere. Aurten ere salatu eta exijitzen dugu instituzioek ere badutela ardura eta inbertitu egin behar dute". Era berean, debekuak eta legeak gaindituta daudela zehatu dute, orain euskara transmititzeko garaia dela: "Horretarako bidea gure egunerokoan, herrian, euskaraz egitea da".
Euskaraz Bizi eguneko ospakizunak arratsaldean jarraituko dute, Matraka elektrotxarangarekin. Gauean, 22:30etik aurrera, Labar musika taldearen kontzertua izango da txosnagunean.