Irati Olaizolak lortu du Aurresku Txapelketako garaipena

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 6a, 16:55

Dantzari legazpiarraren atzetik sailkatu da Ane Jaunarena lezoarra, bigarren postuan, eta, jarraian, Danel Castillo pasaitarra, hirugarrenean.

Bederatzi dantzarik hartu dute parte gaur eguerdian Euskal Astearen barruan ospatu den 37. Aurresku Txapelketan. Bi zatitan banatuta egon da lehiaketa: lehenengoan, parte hartzaile guztiek aurkez aurke eta soinu zaharrean aritu dira dantzan, eta bigarrenean, berriz, zortzikoan. Epaimahaiko kideek erabakia ongi hausnartu ondoren, Irati Olaizola legazpiarra nagusitu da.

Irabazleak merezimendu osoz jaso ditu txapela, orogarria eta 150 euroko saria, eta jarraian, ohiko denez, jendaurrean egin du txapeldunaren ohorezko aurreskua. Ane Jaunarena lezoarra izan da bigarren sailkatua, eta honek 130 euro eta oroigarria eskuratu du;. Danel Castillo pasaitarrarentzat, berriz, izan da 110 euroko hirugarren saria.

Bero zapa egin eta eguzkiak erruz jo duen arren, herritarrek ez dute galdu nahi izan dantzari gazteen erakustaldia, nahiz eta itzala bilatzen saiatu diren une oro. Dantzariek maila benetan ederra eskaini dute oholtza gainean, are gehiago egin duen giroa kontuan izanda. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide