Udaberrik ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko aukera zabaldu du

Intza Trula 2025ko ira. 7a, 12:00

Udaberri elkarteko kideak, hitzaldi bat entzuten. (Artxibokoa)

Besteak beste, antzerkian, euskal dantzan, euskaran, ingelesean, frantsesean, marrazketan eta meditazioan izena emateko aukera izango dute aurtengo ikasturtean. Hilaren 15ean abiatuko dituzte saioak.

Irailean sartuta, Udaberri jubilatuen elkarteak ikasturte honetako ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du. Elkarteak jakitera eman duenez, irailaren 15ean hasiko dira saioekin, eta urtero bezala, aurten ere eskaintza zabala izango dute herritarrek.

Kirola, kultura zein aisia barne hartzen dituen jarduerak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako: esaterako, antzerkia, euskal dantza, dantza, fitness, euskara, ingelesa, frantsesa, letra tailerra, marrazketa, meditazioa, memoria tailerra, yoga eta Tai-Chi saioak antolatu dituzte.

Gainera, mendi ibilaldiak, irteera kulturalak eta txangoak ere aurreikusi dituzte, eta, noski, bingoarekin, irakurketa taldearekin, lorezaintzarekin eta bestelako jokoekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Halaber, osasun fisikoari zein emozionalari buruzko hainbat hitzaldi prestatzen ari direla ere aurreratu dute.

Hori horrela, jarduerei eta ordutegiei buruzko informazioa eskuratu edota izena eman nahi dutenek Udaberri elkartearen bulegora gerturatu daitezke, baita elkartearen Whatsappera idatzi ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide