Zarauzko Euskal Jai egunak elementu bereizgarri asko ditu, hala nola euskal jantzi tradizionalak, orgak, antzerkia, jan-edan aukera zabala… Zerrenda horretan bada, ordea, ezinbesteko beste protagonista bat: dantza. Hori ondo baino hobeto dakite Jalgi dantza taldeko Xabier Eizagirrek eta Gabota dantza eskolako Mireia Alberdik. Biek ala biek dute harreman zuzena dantzarekin, eta horregatik dute gorriz borobilduta irailaren 9a beren egutegietan.
Goizean goizetik hasi eta eguzkia ezkutatu arte mugi daitezke beso, gerri nahiz hankak Euskal Jai egunez. Eizagirrek eta Alberdik adierazitakoaren arabera, baina, hori ez da gertatzen irailaren 9an soilik. Haien iritziz, festak, oro har, berarekin dakar dantza, "eskutik helduta" baitoaz, hitzordua edonon edo edonoiz izanda ere. Eizagirrek dio "gorputzak espresatzeko duen modua" dela dantza, eta Alberdik "horrek besteengandik bereizten gaituela".
Aipatu bezala, bi protagonisten egunerokoan da dantza garrantzitsua, aspalditik baitaude eskolei lotuta. Alberdiren kasuan, Mollari dantza taldean egin zituen diziplina horretako lehen urratsak, eta Eizagirre Jalgiko kide da taldearen sorreratik. Gaur egun, ordea, asko eta asko dira eskoletatik igaro gabe herriko plazetan dantzan ikus daitezkeen herritarrak. Hala dio Eizagirrek: "Euskal Jai eguna guztientzat irekia da dantzarako, plaza ireki bilakatzen da herria egun horretan, eta gehiago edo gutxiago dakitenak dira ongietorriak". Ideia horren ildotik, parte hartze zabalaren atzean egon daitezkeen arrazoiei buruz mintzatu da Alberdi: "Denok egon ohi gara baserritar jantzita, eta edonork topa dezake dantzarako inguru edota konpainia erosoa. Gainera, bada udari amaiera emateko egun eder bat, dantzarako gogoa pizten duena".
Eskolatik plazara
Euskal dantza guztietatik asko dira xarma berezia dutenak, baina bada Zarauzko Euskal Jai egunean azken urteetan indar berezia hartu duen bat: larrain dantza. Eguneko bi une ezberdinetan egiten da, eguerdian eta arratsaldean, Musika Plazan eta Iñurritzan, hurrenez hurren. Jendetza elkartzen dute bi une horiek, baina, ezbairik gabe, eguerdikoak du arrakasta handiena. Hitzordua une "berezia" dela dio Alberdik, biek "gustu handiz" bizi dutena.
Alberdik azpimarratu duenez, larrain dantza desberdina da beste euskal dantzekin alderatuta. Gutxi gorabehera hamabost minutu irauten ditu, eta hainbat zatiz dago osatuta: kalejira, katea zubiekin, fandangoa, balsa, jota zaharra eta azken kalejira. Binaka egiten da, zirkulu irekian eta beti eskuinetik ezkerrera.
Historikoki, XIX. mendekoak dira dantza horri lotutako lehen erreferentziak, Nafarroatik datozenak, Lizarra ingurutik, zehatzago esateko. Hala eta guztiz ere, gerora hainbat eta hainbat txokotara iritsi zen: "Nafarroatik harago zabaldu nahi zuten dantza, garrantzitsua baitzen beraientzat; horregatik eskoletan ikasten hasi ginen, baina artean ez zegoen plazara zabalduta", oroitu du Alberdik. Orain, ordea, Zarautzen bezala, ohikoagoa da herrietako plazetan dantzatzea. Bi protagonistek, aitzitik, ez dute garbi Zarautzen noiztik dantzatzen den pieza sorta hori, baina badituzte hipotesi batzuk. Alberdik dio "dultzaineroekin batera" hasi zirela dantza herriratzen; Eizagirrek, bere aldetik, "duela hamar urte inguruko kontu bat» dela esan du, "ziur aski Iñurritzatik datorrena".
Euskal Astearen barruan, dantzarako abilezia bikaina erakusten dute batzuek, eta agerian uzten dute urte luzez eskoletan edota plazan ikasitakoa. Izan ere, binakako zein banakako txapelketak jokatzen dituzte gazte askok Lege Zaharren Enparantzan.
Badira beste herritar batzuk, lehia albo batera utzita, ikastea soilik dutenak helburu; udalak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzen dutenak, kasurako. Pasa den urteko arrakasta ikusita, bigarren urtez jarraian antolatu ditu udalak ikastarook, eta aurten ere jende ugarik aprobetxatu ditu horiek. Eizagirrek dio euskal dantzekiko interesa pizten zaiela askori iraila gerturatzen doan neurrian: "Ideia bikaina iruditzen zait ikastaroena; adina inoiz ez da muga zerbait berria ikasteko, gogoa da balio duena". Bere aldetik, Alberdik dio Euskal Jaiez harago, ikasitako pauso horiek oinarri bat edukitzeko balio dutela, aurrerago han eta hemengo festetan praktikan jarri eta ondo pasatzeko, "Euskal Herria dantzatzen duen herria baita, baita Zarautz ere".
Egitaraua:
Gaur, ostirala:
- 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan). Ez da aurretik izena eman behar.
- 22:00. Bertsolari Gazteen 49. Lizardi sarien finala, Modelo aretoan. Sarrera doan izango da, eta gonbidapenak saioa baino ordubete lehenago hartu beharko dira, Modelo aretoko leihatilan.
Bihar, larunbata, Euskaraz Bizi eguna:
- 11:00. Euskararen aldeko 39. Lasterketa, AEK-k antolatuta, Musika Plazatik abiatuta. Izen ematea egunean bertan egin beharko da, 10:15ean.
- 11:30. 37. Aurresku Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria egingo balu, Modelo aretoan).
- 14:30. 37. Bazkari Herrikoia, EHEk antolatuta. Ondoren, kalejira, elektrotxarangarekin.
- 18:00. Gipuzkoako 26. Artzain Txakur Txapelketa, Jose Luis Saizarren omenez, Amalur parkean.
Etzi, igandea, Haurren Euskal Jai Eguna:
- 10:30. Dantzarien bilkura, Munoan.
- 11:00. Dantzariek Agintariarena eta Agurra dantzatuko dituzte, eta kalez kale ibiliko dira.
- 11:00. Kalejira, Musika Eskolako txistulari eta trikitilariekin.
- 12:45. Dantzarien harrera eta emanaldia, Munoan (euria bada, kiroldegian).
- 13:30. Haurrak familietan banatuko dira bazkaltzeko, Munoan (euria bada, kiroldegian).
- 17:30. Kalejira Musika plazatik Iñurritzara, buruhandi, erraldoi, Zarautztrik eta Ustekabe txarangarekin.
- Ondoren, dantzarien bilkura, Iñurritzan.
- 18:00. Puzgarriak haur eta nerabeentzat, Iñurritzan.
- 18:30. Erromeria Iratzar taldearekin, Iñurritzan.
- 20:00. Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.
Irailak 8, astelehena:
- 19:00. Alaken taldearekin plaza dantzak, Musika Plazan.
- 20:00. Zarautz Abesbatzak Salbea abestuko du, Frantziskotarren elizan.
Irailak 9, asteartea, Euskal Jai Eguna:
- 07:00. Diana, herriko kaleetan zehar.
- 08:00. Goiztarrak taldearen irteera. Antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean, garai bateko pertsonaiak irudikatuko dituzte kalez kale.
- 08:00. Gure Boza otxotea kaleetan zehar.
- 08:30. Kalez kale, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak.
- 10:30. Meza Nagusia Schola Cantorum abesbatzak abestuta, Frantziskotarren elizan.
- Mezaren ondoren, Goiztarrak taldearen eskutik, pilota-partidak, herri-kirolak eta bertsolariak, Frontoi Txikin.
- 11:00-14:00. Egurrezko jolasak haurrentzat, Torre Luzea parkean.
- 11:45. Alproja taldearen irteera (San Inazio kalea, Kale Nagusia, Torre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta Munoa).
- 12:00. Dena erosterik ez antzezlana, Munoan.
- Eguerdian, erromeria, trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin, Musika Plazan.
- Ordu berean, erromeria trikitilariekin, Lege Zaharren Enparantzan.
- 13:00. Karro-lehiaketaren sari-banaketa, Lege Zaharren Enparantzan.
- 13:15. Erromeria Bide Batez taldearekin, Munoan.
- 13:30. Karroza ikusgai egongo da, Lege Zaharren Enparantzan.
- 14:00. Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin, Musika Plazan.
- 17:30. Musika plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
- 18:00. Haurrentzako herri-kirolak Kulki taldearen eskutik, Iñurritzan.
- 18:30. Erromeria Eingo taldearekin, Iñurritzan.
- 20.00. Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin, Iñurritzan.
- 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.
- 22:00. Dantzaldia Bide batez taldearekin, Munoan.
- 22:30. Erromeria trikitilariekin, Musika Plazan.